Game Erauntsia-n askotan aipatua izan da jokoen genero "berri" hau. Txapelketaren bat ere egin izan da eta arrakasta izan duela dirudi. Baina nondik dator MOBA?
MOBA bateko pertsonaia (pieza) posibleak.
Historia pixka bat
2005 eta 2009 urteen tartean nonbait entzun nuen lehen aldiz MOBA ("Multiplayer Online Battle Arena", edo "Online Guda-Eremu Multi-jokalaria") jokoei buruz.
2003-an Icefrog-ek Warcraft III joko artxiezagunaren editore bat erabiliz DOTA ("Defense of the Ancients", edo "Antzinakoen Babesa") izeneko mapa/jokoa argitaratu zuen. Bertan talde bakoitzean 5 jokalariraino sartzen ziren, eta bakoitzak Warcraft III-ko heroi bat aukeratu zezakeen, bakoitzak gaitasun zehatz batzuk zituela. Eta simetrikoa zen mapa batean (mapa karratu bat erpin batetik bestera bi hiruki sortuaz bi taldetan zatitzen zen) jokalarien ekintzei esker etsaiaren etxeraino iritsi eta berau botatzea lortuko zukeen taldeak irabaziko luke.
Joko honek Warcraft III eta partxe batzuk behar zituen jolastu ahal izateko. Hala ere komunitateak oso azkar barneratu zuen eta laster beste MOBA batzuk azaldu ziren. Doan (edo joko barruko erosketaduna) zen LOL (League of Legends, Riot Games konpainiarena) izan zen 2009. urtean gogor sartu zen jokoa. Gaur egun duena baino itxura askoz eskasagoarekin eta oraindik asko findu gabe, baina doako modelo hau sartzen aitzindarietako bat izan zen. Baina animazioak eta jokoaren inguruko "arte"-a asko zaindu izan ditu beti.
2013an, Valve (Half-Life, Counter-Strike, Steam plataforma...) erakundeak DOTA-ren izen-eskubideak erosi eta DOTA2 argitaratu zuen. Hau ere doan eta Steam plataforman integraturik. Jokoa grafikoki ondo dago baina egia da animazioak eta artea nahiko kaskarrak direla beste batzuekin alderatuz.
2014-ko DOTA 2-ko munduko txapelketa.
Bi joko hauei buruz dihardut, askogaitik jokatuenak bait dira (LOL-ak hilabetero ia 70 milioi pertsona dauzka aktiboki jolasean, eta DOTA2-ak hilabeteroko 10 milioiak pasa omen ditu). Baina badaude beste batzuk, eta gero eta gehiago: Heroes of Newerth, Minions, Demigod, Smite... eta 2015eko otsailean beta itxia izango du Blizzard-ek (World of Warcraft sortu eta daraman konpainiak) argitaratuko duen Heroes of the Storm-ek (HOS?). Dauden eta irtengo direnen zerrendatxo bat HEMEN.
Gero eta gehiago telebistan eta interneteko leku jakin batzutan jarraitu daitekeen liga profesionala dago LOL-aren inguruan (LCS) eta bai LOL eta DOTA2-aren munduko txapelketak ospatu ohi dira sari izugarriekin urtero. Kirol elektroniko entitatea hartzen ari dira. Ikusiko dugu noraino iritsi daitekeen.
Baina, zer da hori?
MOBA-ren funtsaren laburpena:
- Jokalari bakoitza gaitasun ezberdin eta zehazdun pieza da taldearen barruan.
- Taularen alde batean talde bat, bestean etsaia (bakoitzak kolore erakusgarri bat du).
- Taula guztiz simetrikoa da erdiarekiko, hasieran aukera berdinak izanik bi taldeek.
- Etsaiaren etxerarte iritsi eta berau botatzen duen taldeak irabaziko luke.
- Estrategia (piezen edo jokalarien arteko koordinazioa barne) eta erreakziorako abiadura dira gakoa jolasterako orduan.
Jokalari askok egin izan ohi du analogia bat Xake jokoa eta MOBA-rekin. Eta nik esperientziari tankera hartzen diot; hasieran mugimendua eta pieza bakoitzaren gaitasunak ikasten dira eta jakin beharreko guztia dakizunaren tankera hartzen diozu. Baina beste pertsona batzuen kontra hasten zarenean, ezer ez dakizula ohartzen zara. Gero momentu oroko egoerarenganako pertzepzioa hobetuz, taldearekin komunikazioa finduz eta erreakzio denbora eta erabakiak landuz zoazen adinean, jokoa hobetzen joan ohi da eta estrategia ezberdinak gauzatzen hastea posible da.
2014-ko LOL-eko munduko txapelketa.
LOL-aren kasuan, partida bakoitzak 20 minututik 70 minutura luza daiteke, baina partiden %95-ak 25 eta 50 minutu iraungo ditu. Denbora dezente eskatzen du eta ezin da bertan behera utzi partida erdian (beste 9 pertsona izorratuko zenituzke), horregatik eguneroko betebeharrekin bateratzea zaila egin liteke. Hala ere horrela izan ohi da beste zaletasun eta kirol edo bestelako aktibitate askorekin.
Zehazki LOL-ari buruz, beste batean jardungo dut.
Iruzkinak (3)
XtrexxMan 2015ko ots. 21a, 03:43
hau ez da moba jokoen artukuloa hau league of legends artukuloa da.
XtrexxMan 2015ko ots. 21a, 03:43
xD
Damian 2015ko ots. 24a, 20:35
Jeje, ba bai. Egia esan besteak ez ditut jokalari aktibo moduan ezagutu.
Hala ere nahiko azaleko azalpena izanik espero arazorik ez dela egongo honen inguruan ;)