PC, PS5 eta Xbox Series gailuetara iritsiko da puzzle eta isilpe abentura kooperatiboa. Demoa proba dezakegu jadanik.
Pocketwatch Games estudioak eta Humble Games argitaletxeak Monaco 2 apirilaren 10ean estreinatuko dela jakitera eman dute.
Atal estetikoa aldatuta dator jarraipena. Obra originalean pixel gordinak erabiltzen zituzten maila bakoitzaren maparekin batera, koloreez baliatuz elementuak desberdintzerakoan; bigarrenean koloreen erabilera mantentzen jarraitzen dute, baina cartoon estiloko 3D pertsonaiak zein inguruneak hartuta.
Jokagarritasun oinarriak berberak dira, noski: lapurreta kooperatiboak dira ardatza berriro. Lapur taldea osatuta, beste hiru kiderekin —tokiko zein sare bidezko multijokalarian— batera barneratuko gara misio desberdinetan altxorrak lapurtzera. Pertsonaia bakoitzak bere indarguneak eta ahulguneak edukiko ditu: adibidez, Sake-rekin ziztu bizian ariko gara tranpak eta oztopoak saihesten; Pockets-ek, bestalde, altxorrak biltzeko eta eramateko erraztasunak ditu.
Etxeetan edo banketxeetan barneratu aurretik, baina, plangintza fasean dena prestatzea ezinbestekoa da. Aurreproiektu moduarekin kokalekuen planoak hartuko ditugu eskuan, bakoitzak gordetzen dituen sekretuak eta pasabideak ezagutzeko; ezinbestekoa, planak okerrera jotzen badu.
Monaco 2 PCan eta PlayStation 5 zein Xbox Series kontsoletan ikusiko dugu apirilaren 10ean. Zorionez, oraintxe bertan probatzeko aukera daukagu: Steam bidezko doako demoarekin prozeduralki sortutako maila amaigabeak proposatzen dizkigute.
Iruzkinak