Monster Hunter Risek demo berria jasoko du gaur Nintendoren kontsolan. Monster Hunter Stories 2 Switch zein PCrako kaleratuko da ekainean.
Capcomek badaki zaleak Monster Hunter gehiagoren zain daudela. Hilabete bukaeran Monster Hunter Rise estreinatuko da Switchean, eta horren azken xehetasunak emateko aurkezpena egin du sareetan.
Monster Hunter Digital Eventean azaldutako jostagarritasun bideoetan jokoak ekarriko dituen mekanika berriak ikus daitezke. Hamalau armek Wirebug tresnarekin eraso eta ahalmen bereziak edukiko dituzte, esaterako; abilezia horien artean aldatzen joan ahalko da, erabiltzaile bakoitzak ehizan aritzeko estilo propioa garatzeko. Wirebug horrekin, gainera, basapiztien gainean jarri eta horiek kontrolatu ditzakete jokalariek.
The Rampage izeneko mekanikaren berri ere eman dute arduradunek. Tower Defense jokoak gogoraraziko ditu joko mota honek: bertan helburua basea defendatzea izango da. Erasoak munstroen kopuru ikaragarriaren aldetik etorriko dira: ehiztariek pizti denak akatu edota taldeburua ehizatu beharko dute irabazteko.
Aldez aurretik Switcheko bertsioak demoa eduki du, baina berriz ere jokatzeko aukera eskainiko du Capcomek. Gaur bertan estreinatuko da eShopean berritasunekin: Magnamalo munstroa ehizatu ahalko da froga berri honetan.
Monster Hunter Rise martxoaren 26an kaleratuko da Nintendo Switcherako. Datorren urtean PCko bertsioa ere estreinatuko dela baieztatu zuten japoniarrek joan den astean.
Rise ez da aurkezpenean erakutsitako joko bakarra izan. Monster Hunter Stories 2: Wings or Ruinek akzioa alde batera utzi eta txandakako JRPG mekanikak hartuko ditu. Oraingo honetan misioi kooperatiboak izango dira nabarmentzeko ezaugarria, atal estetiko ederrarekin batera.
Ekitaldian argitaratze data ere zehaztu dute: ekainaren 9an kaleratuko dute. Orain arte Switcherako bertsioa soilik iragarrita zegoen, baina egun berean Steam bidez ere jokatu ahalko dela jakitera eman dute arduradunek.
Iruzkinak