Pokémon GO-ren arduradunak Capcom-ekin elkartu dira frankizia ezagunaren borroka berriak prestatzeko.
Monster Hunter frankiziako atal berria iragarri du Capcomek, baina ez da ohiko proposamena izango: gailu mugikorretarako Monster Hunter Now garatzen ari dira Niantic estudioarekin batera.
Garatzailea ezaguna baduzue, zer nolako bideojokoaren aurrean aurkitzen garen suposatuko duzue: Pokémon GO arrakastatsuaren sortzaileak dira Nianticekoak, eta antzeko zerbait egitea bilatzen dute Capcomen munstroen sagarekin.
Hortaz, ehiza motzak eta sinpleak izango dira Android eta iOS gailuetan biziko ditugunak: iragarpen bideoan ikus daitekeenez, bakarka zein taldeka ariko gara Monster Hunterreko pizti ezagunen aurkako borroketan. Mugimendu sorta oinarrizkoa izango da, eta ukipen pantailan sakatuta erasoko dugu. Garatzaileek agindu dutenez, baina, ehizek ez dute 75 segundo baino gehiago iraungo.
Garaipena lortzeko ezinbestekoa izango da gure pertsonaiaren armak eta armadurak hobetzea. Horretarako mundutik sakabanatutako baliabideak eskuratuko ditugu, joko nagusietan egin modura.
Nianticen lana izanik, baina, zeharkatuko dugun mapa benetako mundukoa izango da. Pokémon GOn egin bezala, munstroak zein bestelako ekintzak kalean aurkituko ditugu. Hori bai: hauek markatzeko aukera edukiko dugu, gero etxean borrokak bizi ahal izateko. Askok eskertuko duten ezaugarria.
Esperientzia zer nolakoa izango den probatzeko beta agindu dute arduradunek: apirilaren 25ean abiatuko dute, eta izen ematea dagoeneko irekita dago webgune ofizialean. Monster Hunter Nowren behin betiko bertsioa irailean kaleratzea aurreikusten dute Capcomekoek.
Esan bezala, Android zein iOS mugikorretan eta tabletetan jokatu ahalko dugu MH Nowen.
Iruzkinak