Joko nagusietako mekanikak bereganatu nahi ditu, MH Now-ko borroka sinpleak alboratuta. Ez dauka argitaratze datarik.

Monster Hunter zaleak pozik egon daitezke sagaren berpizkundearekin. Laster estreinatu behar den Wilds atal nagusiari anaia txikia gehitu zaio: Monster Hunter Outlanders gailu mugikorretan estreinatuko den akziozko abentura iragarri dute Capcom eta TiMi enpresek.

Mundu irekiko ARPGa izango da, zehazki, Android eta iOS sistema eragileetara eramango dutena. Sagako joko nagusietako mekanikak eta oinarriak erabili nahi dituzte; alegia, gaur egun mugikorretan joka daitekeen Monster Hunter Now ataleko oinarrizko ukipen pantaila bidezko borroketatik urrundu gura dute.

Outlandersen iragarpen bideoan ikus daitekeenez, mugikorretarako atal grafiko benetan indartsua dauka —irudien tasa sufritzen dabil, hori bai—. Gune zabalak ageri dira, eta gure ehiztariak horiek zeharkatzeko hainbat bide edukiko ditu: eskalatzearekin batera gantxoa erabil dezake urrutiko lekuetara iristeko, baina katapultarekin eta parapentearekin ziztu bizian gaindituko ditugu oztopo geografiko gehienak.

Inguruneen zein munstroen aurrean bizirauteko armak eta armadurak pertsonalizatzea eta sortzea garrantzizkoa izango dela diote egileek; gainera, ekosistema desberdinak ere egongo direla baieztatu digute.

Trailerrak akzioari eta borrokei lotutako hainbat zalantza utzi dizkigu, ez baitira ageri. Ez hori bakarrik, jokoaren egitura orokorra ere misterio hutsa da, eta zaleak gacha elementuen beldur dira. TiMi Tencent erraldoi txinatarreko estudiorik handienetakoa da, izan ere. Berenak dira Call of Duty Mobile, Pokémon Unite edo Age of Empires Mobile: gacha mekanikak dituzten joko ezagunak.

Ez dakigu Monster Hunter Outlanders noiz estreinatuko den, bideoan adierazitako “laster” mezutik haratago. Zorionez, bideojokoa estreinatu aurretik hainbat proba egingo dituztela aurreratu dute: hauek jokoaren Discord zerbitzarian zein posta bidez iragarriko dituzte.