Aurkezpen digitala egin zuen joan den astean jokoak ekarriko dituen berritasunak eta ezaugarriak erakusteko. Iraupen mugatuko froga da.
Monster Hunter Rise martxoaren 26an estreinatuko da, baina Capcom dagoeneko motorrak berotzen hasi da ehiza eta munstroen sagaren zaleen arreta erakartzeko orduan. Pasa den astean egindako Monster Hunter Digital Eventean jakitera eman zutenez, Nintendoren kontsolarako froga berezia argitaratu dute.
Lehenik eta behin jokoak gehituko dituen berritasunak frogatu eta erabiltzen ikasteko aukera eman dute tutorialaren bitartez. Wirebug tresna berriaren funtzionamendua erakutsiko dute tutorial batekin: airean zehar ibiltzeko aukera eskainiko du hari magiko honek. Hori erabilita piztien gainera salto egin eta gainean ibili daiteke.
Demo honetan hamalau arma motak erabiltzeko aukera edukiko dute jokalariek. Guzti horiek bi ehizalditan frogatu ahalko dituzte. Alde batetik hasiberrientzako misioa dago: Great Izuchi baten aurka egin beharko da bertan. Erdi mailako misioak, bestalde, Mizutsune dragoiaren kontra jarriko ditu jokalariak. Hauek bakarka edo lagunekin gainditzeko aukera emango dute.
Muga nabarmenak izango ditu doako froga honek. Misio bakoitza gainditzeko 30 saiotan parte hartu ahalko da soilik. Ez hori bakarrik, aldi baterako demoa izango da gainera: eShopetik otsailaren 1ean desagertuko da.
Iruzkinak