Switch-ean egindako elkarlanak eta askoz gehiago bilduko dituzte bertsio berrian. Urtarrilaren 12an estreinatuko dute; jokoa probatzeko demoa eskuratu daiteke doan.

Nintendo Switcheko jokalariek pasa den martxoan Monster Hunter Rise jaso zutenetik hainbat izan dira kontsola hibridorako jokoak jaso dituen eduki gehigarriak; batzuk, gainera, aldi baterakoak izan dira. PCko bertsioa iragarrita, horren zain dauden jokalariak galduko zituztenaren beldur izan dira. Ez da horrela izango: Capcomek baieztatu duenez, orain arteko DLC guztiak jasoko ditu Steameko bertsioak.

Risen ikusitako edukiak doakoak izan arren, gauza interesgarri zein bitxiak ikusi dituzte jokalariek: etsai berriak, arerio nagusienen Apex forma zailagoak, armak nahiz armadurak prestatu dituzte Capcomeko garatzaileek, ohikoa denez.

Ezagunagoak dira, baina, beste frankizia batzuekin egindako elkarlanak: Street Fighter, Mega Man, Sonic, Okami edota Ghost ‘n Goblins dira, besteak beste, munstro ehiztarien jokoan ikusitako bideo-joko sagak.

Hori horrela, Rise Steamera iristean Switcheko jokoaren 3.6.1 adabakian bildutako ezaugarri guztiak edukiko ditu. Otsailerako bi plataformetako bertsioak parean egotea aurreikusten dute japoniarrek.

Monster Hunter Rise urtarrilaren 12an kaleratuko da Valve-n plataforma digitalean. Bertan dagoen sagako bigarren jokoa izango da: Monster Hunter World izan zen lehena, kontsoletako bertsioen salmentak parekatzea lortuta.

Aldez aurretik Rise probatu nahi dutenek demora jokatzeko aukera dute. Steameko jokoaren orrialdetik jaitsi daiteke: munstro ehiztarien abentura ezagutzerko baliagarriak diren hainbat misio biltzen ditu.