Haririk gabeko tokiko multijokalaria, plataforma arteko jokoa zein orain arteko eduki guztiak baieztatu ditu Capcom-ek.
Switch 2 kontsolaren Monster Hunter Wilds bertsioa egutegian finkatu du Capcom taldeak. Abenduaren 4an kaleratuko da munstro ehiza frankiziaren azken atala Nintendo-renean.
Moldaketa ekainetik iragarrita bazegoen ere, denbora luzez garatzen aritu direla dirudi; ez da harritzekoa, gainerako plataformetan edukitako errendimendu arazoak eta kritikak ikusita.
Zorionez, era guztietako hobekuntzekin eta ezaugarriekin iritsiko da hibridora. Hasteko, haririk gabeko tokiko multijokalaria —hau da, Switch 2 desberdinekin batera jokatzeko aukera— zein plataforma arteko jokoa (crossplay) batuko ditu Wildsek. Eskertzeko aukerak, sarera nahiz kooperatibora bideratutako jokoa izanik.
2025eko otsailean PC, PS5 eta Xbox Series gailuetan estreinatu zenetik gaur arte kaleratutako eduki, munstro eta erronka berri guztiak zuzenean iritsiko dira Switch 2ra. Bukatzeko, egun Capcomekoak prestatzen dabiltzan Ascendance ordainpeko espantsioa ere Nintendoren kontsolara helduko dela baieztatu dute: gune berrietara bidaiatuko dugu munstro ezezagunak ehizatzeko datorren urtean.
Lander Unzueta
Iruzkinak