PS5, Xbox Series zein PC plataformetarako iragarri du Capcom-ek. PlayStation Plus zerbitzuko harpidedunak urriaren 28an hasiko dira.

Monster Hunter Wildsek betaren datak zehaztu ditu Capcomek. Urriaren 31n hasiko da ehiza beta fase irekiarekin. Hiru egunetan jokatu ahalko dugu, azaroaren 3an bukatuko baita.

Beti bezala, jokoaren gune mugatuan parte hartzea da japoniarrek eskaintzen dutena. Sareko konektibitatearen funtzioek modu egokian funtzionatzen dutela baieztatu gura dute probarekin. Hala ere, hainbat ezaugarri ikusiko ditugu mugatutako jokaldian: pertsonaien editore sakonean barneratzeko aukera edukiko dugu, eta, gainera, sortutakoak joko osora eramateko aukera ziurtatu dute egileek.

Jokoaren sarrera biziko dugu, tutorialari ekinez. Ehizan ere ariko gara, noski: Doshaguma munstroaren atzetik jarriko gaituzte proban. Sareko beste jokalariekin batera barnera gaitezke ehizan —joko gurutzatuari esker beste plataformetako lagunekin ibili ahalko gara—, baina NPC pertsonaien laguntza ere eska daitekeela azpimarratzen da prentsa oharrean.

MH Wilds kaleratuko den plataforma guztietan aritu ahalko gara jokatzen beta honetan: PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan zein ordenagailuetan abiatuko dute.

PS5eko erabiltzaileen artean PS Plus zerbitzuko harpidedunak direnek, ordea, are lehenago proba dezakete jokoa; izan ere, urriaren 28an beta fase itxia egongo dela adierazi dute japoniarrek. Kasu honetan, urriaren 30ean bukatuko da.

Berriak Monster Hunterren ospakizunean eskaini dituzte. Beta fasearen xehetasunak eskaintzeaz gain, bideo berria ikusi dugu. Bertan munstro berriak zein pizti ezagunak agertzen dira, baina, beste behin, RE Engine garapen motoarekin eratutako mundu ikusgarriaz goza dezakegu:

Monster Hunter Wilds desiratua 2025eko otsailaren 25ean argitaratuko da PS5, Xbox Series eta PC gailuetan. Oraindik asko falta bada ere, argi dago Capcom harro dagoela prestatzen ari denaz: azken hilabeteotan hainbat aurrerapen eta trailer ikusi ditugu, jokoa denbora errealean funtzionatzen erakutsiz.