Etorkizuneko ekitaldiak eta erronkak antolatzeko txoko birtuala ikusiko dugu. Bigarren adabakia udarako aurreikusten da.

Monster Hunter Wilds marka guztiak hausten ari da, baina ez dauka erritmoa geldotzeko asmorik. Capcom-ek lehen eguneraketa handiari buruzko informazioa eskaini du MH Showcase aurkezpenean: apirilaren 4an ehizatzeko munstro bat eta jokalariak elkartzeko bilgunea gaineratuko ditu, besteak beste.

Mizutsune dragoi itxurako leviatanaren aurka egiteko aukera edukiko dugu. 2015eko Monster Hunter Generations atalean ezagutu genuen lehenengoz, eta ordutik hona sagako izakirik maitatuenetakoan bilakatu da: uretako azeri beldurgarria dela esan daiteke. 21. mailatik gorako jokalariek har dezakete bere kontrako erronka.

Adabakiaren beste eduki handia ehiztarien bilgunea da, esan bezala. 16. mailatik aurrera desblokeatuko dugu: oraingoz minijokoren bat edo beste aurkituko dugu bertan, baina etorkizunean Wildsen ekimen bereziak ospatzeko tokia izango dela aurreratu digute japoniarrek, gainerako jokoetan egin bezala.

Aldi baterako misioak ere datoz. Apirilaren 30etik maiatzaren 21era bitartean, 50. mailatik gorako ehiztariek Rey Day munstro bereziaren aurkako duelua bizi dezakete; gainera, Zoh Shia garaitzeko aukera gehiago eskainiko dituzte.

Jokalariei irrika bizia sortzeko aurrerapen txikia utzi digute, nola ez, aurkezpenaren bukaeran. Udan helduko da bigarren adabaki handia, beste munstro bat gaineratuta: Lagiacrus izango dela dirudi.

 

Zortzi milioi hiru egunetan

Monster Hunter Wildsen hastapenak ikaragarriak izan dira Capcomentzat. Lehen hiru egunetan zortzi milioi salmentak gainditu ditu; hori horrela, enpresak epe horretan gehien saldutako tituluan bilakatu da.

Estreinaldia bikaina izan bada ere, MH sagak denborarekin are hobeto funtzionatu ohi duela kontuan hartzekoa da; batez ere, espantsio handiekin batera oinarrizko jokoarentzako beherapenak ikusten hasten garenean.

Aurreko MH World Capcomen historiako jokorik salduena da: 28 milioi salmentak gainditu ditu aurten. Ostean kaleratutako MH Rise-k, berriz, 15 milioi ale baino gehiago saldu ditu dagoeneko. Zifrok kontuan hartuta, Wilds are arrakastatsuagoa izango dela aurreikustekoa da, dena ondo badoa.

Monster Hunter Wilds PlayStation 5, Xbox Series eta PC plataformetan joka daiteke dagoeneko. Lehen gaurkotze handia apirilaren 4an kaleratuko da.