Gailu mugikorretarako titulu arrakastatsuek era guztietako hobekuntzak jasoko dituzte ordenagailuetako bertsioetan.
Ustwo Games estudioak jakitera eman duenez, Monument Valley ezagunaren lehenengo eta bigarren atalak PCrako prestatzen dabiltza. Panoramic Edition azpitituluarekin kaleratuko dituzte uztailaren 12an.
2014. urtean kaleratu zen lehen bideojokoa Android nahiz iOS gailu mugikorretan. Bertsio berrien izena irakurrita argi geratzen zein izango den berritasunik esanguratsuena: pantaila panoramikoetan jokatzeko aukera eskainiko dute puzzle joko ederrek. Zehazki, 21:9 formatuko pantailentzako euskarria agindu dute arduradunek. Hori horrela, areagotutako bereizmena ere jasoko dutela nabarmendu beharra dago.
Bi jokoak Panoramic Collection izeneko bildumarekin erosteko aukera egongo da, baina baita bakarka ere. Horrez gain, bi bideojokoak eduki gehigarri guztiekin estreinatuko dira: Ida’s Dream eta Forgotten Shores espantsioak izango ditu lehen atalak, eta The Lost Forest bigarrenak.
Ezagutzen ez badituzu, Monument Valleyk ikuspuntuetan ardaztutako puzzle sinpleak gainditzea proposatzen du: gure helburu nagusia maila desberdinak osatzen dituzten labirintoak zeharkatzea izango da. Ez ditugu areriorik ez borrokarik aurkituko: kontenplaziozko abentura lasaiak izango dira protagonistak, atal estetiko ederrarekin.
Monument Valley Panoramic Collection uztailaren 12an kaleratuko da PCan Steam bidez. Bilduma osatzen duten bi jokoak Android zein iOS sistema eragiledun mugikorretan joka daitezke dagoeneko.
Iruzkinak