Udan ikusiko dugu ustwo games taldearen puzzle abentura. Iaz kaleratu zen Android eta iOS gailu mugikorretan.
Monument Valley 3k gailu mugikorretarako esklusibotasunari agur esango dio. Kontsola nagusietara zein PCra eramateko asmoa agertu du ustwo games estudioak.
Iaztik Netflix plataformaren bideojokoen harpidetzaren bidez goza dezakegu, Android eta iOS gailuetan, ikuspegiekin jokatzen duen puzzle abenturan; egia esan, originaletan jokatu zuten erabiltzaile askok ez dute hirugarren jokorik existitzen zenik ezagutzen.
Nintendo Direct aurkezpenaz baliatu ziren joan den astean ustwokoak port berriak aditzera emateko. Noor gaztean bilakatuko gara, aurrekoetan egin bezala, arkitektura zoragarriz osatutako hiriak esploratzeko. Ikuspegi isometrikoa aldatuz osatzen doazen ilusioak eta erronkak izango dira nagusi; izan ere, aurrera egiteko gure burua zein inguruan daukagun mundua beste ikuspuntu batetik ikusi beharko ditugu, ezinezko geometriak zeharkatuz.
Nintendo, PlayStation eta Xbox kontsoletan zein ordenagailuetan estreinatuko den Monument Valley 3 hainbat berritasunekin etorriko da udan. Lehena, nola ez, aginteentzako zein saguarentzako eta teklatuarentzako euskarriak dira. Bestalde, pantaila ultrazabaletarako moldatu dute bideojokoa.
Puzzle abenturan orain arte jasotako eduki gehigarri nahiz hobekuntza guztiekin kaleratuko dituzte bertsio eraberrituak.
Monument Valley originala 2014. urtean argitaratu zen gailu mugikorretan, bere ibilbidean denetariko sariak eta aipamenak eskuratuta; bigarrena, aldiz, 2017an ikusi genuen Androiden zein iOSen. Bi jokoak PCan kaleratu ziren 2022. urtean.
ustwok jakitera eman duenez, bi titulu zaharren bilduma Nintendo, PlayStation nahiz Xbox plataformetan ere kaleratuko ditu: apirilaren 15etik aurrera jokatu ahalko ditugu kontsoletan.
Monument Valley 3 udan argitaratuko da kontsoletan zein PCan.
Iruzkinak