Palanka bikoitzeko tiro jokoak roguelike mekanikak batuko ditu. Kontsoletan eta ordenagailuetan ikusiko dugu.

Annapurna Interactive argitaletxeak Morsels azaroaren 18an merkaturatuko duela jakinarazi du. Izaki bitxi bezain nazkagarrietan bilaka daitekeen saguaren rola jokatuko dugu, estolderietatik lurrazalerako bidean katu zitalei aurre eginez.

80eko eta 90eko hamarkadetak zenbait animazio telesail gogora ekar ditzakeen atal grafiko arraro baina zoragarriarekin, ikuspegi isometrikoa duen bi dimentsioko palanka bikoitzeko tiro jokoa da Morsels; horrez gain, horren ohikoak diren roguelike ezaugarriak ere batzen ditu, partida bakoitzean ausazkotasuna eta birjokagarritasuna hauspotuz.

Laburbiltzearren: The Binding of Isaac, Enter the Gungeon edo Nuclear Throne bezalakoak jarraitzen dituen titulua da Furcula estudio independentearena.

Partida hasterakoan, gure sagutxoak karta bat eskuratuko du: horiei esker izaki desberdinen itxura hartu, eta hauen abileziak eskuratuko ditu. Tiroak, mugimenduak eta bestelako mugimenduak dituztenez, guztiekin trebeak izateko prestatu beharko gara. Zorionez, izaki bakoitza eboluzionatzen eta indartzen joango gara partidetan; ez hori bakarrik, karta gehiago lortuta edozein unetan munstroz alda dezakegu, egoera bakoitzerako pizti egokia aukeratuz, eta bizitza gehiago lortuz.

Maila bakoitzean gora egiten duen eskaileraren bila ibiliko gara, bidean etsaiak nahiz oztopoak aurkituz. Esploratzea erabakitzen badugu, bigarren mailako misioekin eta bestelako erronkekin topo egingo dugu, aldi berean, gure kartak hobetzen joateko baliabideak lortzeko aukerarekin buruzagi latzei aurre egiteko.

Proposamena oso interesgarria da, eta, demoa probatuta, generoaren zaleentzat altxor ederra izan daiteke Morsels. PCan oraindik proban aritzeko aukera daukagu Steam bidez.

Ordenagailuetan zein PlayStation, Xbox eta Nintendo kontsoletan estreinatuko da Morsels azaroaren 18an.