Robocop izango da Aftermath DLCaren izar nagusia. Maiatzaren 26an kaleratuko dute PCan eta kontsoletan.
NetherRealmek Mortal Kombat 11rentzako garatzen ari den DLC berria aurkeztu du. Aftermath deituta, jatorrizko jokoan azaldutako istorioaren jarraipena izango da.
Aftermatheko protagonista nagusiak Shang Tsung, Nightwolf eta Fujin izango dira. Hirurak DLCetako borrokalariak izanik (Fujin Aftermathekin gehituko dute) ez ziren MK11ren istorio joko motan agertu. Orain denbora eta espazioaren jarraitutasuna babesteko denboran zehar bidaiatu beharko dute.
Lehen aldiz Mortal Kombat 4n agertutako Fujinekin batera Sheeva izango da Aftermathek gehituko duen borrokalarietako bat. Horiez gain 1987. urteko filmeko Robocop ikusiko dugu MK11n. NetherRealmen borroka sagan ohikoa egin da filmetako pertsonaiak ikustea; Robocopi ahotsa emateko lana Peter Wellerrek hartuko du, polizia robotaren lehen bi filmetako aktore nagusiak, hain zuzen ere.
Hiru pertsonaiak eta istoriorako gehigarria ordainpekoak izango dira, baina garatzaileek doako edukiak ere gehituko dituztela nabarmendu dute. Jokalari guztiek Klassic Dead Pool eta Soul Chamber eszenarioak jasoko dituzte; bi toki horietan fatality bereziak egin ahalko dira.
Ez dira gehituko dituzten fatality bakarrak izango: Friendship erakoak ere sortu dituzte Mortal Kombat 11rako, borrokak giro adiskidetsuago batean bukatzeko.
Eduki guztiak bilduko dituen edizio bat argitaratuko dutela adierazi dute garatzaileek. Mortal Kombat 11: Aftermath Kollection izenarekin, jatorrizko bideojokoa orain arte kaleratutako DLC guztiak batuko ditu.
Mortal Kombat 11: Aftermath PC, Playstation 4, Switch eta Xbox Onerako argitaratuko dute maiatzaren 26an.
Iruzkinak