Duelu zitalak eta RPG elementuak agintzen ditu Steam-en joka daitekeen Nikola Todorovic-en tituluak.
Roguelike azpigeneroak eboluzionatzen jarraitzen du egunero, aurretik espero gabeko mekanikak eta estetikak proposatuta. Hori da early access formatuan kaleratu den Mortal Sin interesgarriaren kasua: lehen pertsonako akzioa, atal grafiko benetan berezia eta beldurra uztartzen ditu Nikola Todorovic garatzailearen bideojokoak.
Argitalpen trailerra abiatu bezain laster jabetuko gara tituluaren estetika bitxiaz eta erakargarriaz. Pertsonai urdinak eta paisai gorriak aurkezten ditu Mortal Sinsek: komikietako edo metal taldeen diskoetako estetika lortuta dungeon crawler-en mekanikak proposatuko dizkigu.
Pertsonaia mota desberdinen artean aukeratuta borroka zitaletan parte hartzera gonbidatuko gaitu: aztikeriak jaurtitzen dituen magoa, bi ezpatadun berserker-a edo makilarekin dabilen fraidea dira, besteak beste, hauta ditzakegun kategoriak. Ikus daitekeenez, eraso bortitzak eta indarrez betetakoak dira nagusi: garatzaileek “mele borroka biziak” agintzen dituzte.
Roguelikeetana ohikoa den modura, prozeduralki sortutako mailak zeharkatzea izango da gure helburua; hiltzerakoan partida zerotik hasiko dugu, baina bildutako diruarekin ezaugarri berriak desblokeatzeri ekingo diogu.
Sarbide goiztiarrari dagokionez, gutxienez sei hilabete irautea aurreikusten du Todorovicek. Halere, dagoen bezala edukiz beteta dagoela azpimarratzen du sortzaileak: “Sortzen gozatzen dut, eta ezaugarri berriak nahiz hobekuntzak gehitzen jarraitu nahiko nuke”, dio Steameko orrialdean. Momentuz Valve-koen saltokian baino ezin dezakegu erosi bideojokoa.
Nahiz eta atzo argitaratu, dagoeneko balorazio positiboak jaso ditu jokalarien aldetik. Hortaz, premisak erakarriz gero erosteko une egokia da, ziurrenik 1.0 bertsioa argitaratzerakoan prezioak gora egin dezakeela aipatzen baitu garatzaileak.
Iruzkinak