Jokalari bakarrarentzako kanpaina eta partida pertsonalizatuekin batera sare bidezko lau joko motarekin kaleratu dute bideojokoa.
Zortzi urteko lanaren ostean Taleworlds Entertainment garatzaileak Mount & Blade II: Bannerlord estreinatu du Steamen. Bideojokoa Early Access barruan argitaratu dute; oraindik bukatuta ez dagoen arren, garatzaileak lanean ari direla jokalariak Erdi Aroko guduetan parte hartu ahal izango dute.
Taleworldsekoek bideojokoaren Steameko komunitatean azaldu dutenez, early accesseko bertsioa jokalari bakarrarentzako zein sare bidez aritu nahi direnentzako joko mota desberdinekin kaleratu dute.
Bakarka arituko direnek partida pertsonalizatuak eta kanpaina modua edukiko dituzte. Kanpaina hasten dutenek beraien pertsonaia sortu eta Calradia kontinentea konkistatzeari ekingo diote.
Skirmish, Captain, Team Deathmatch eta Siege dira online bidez jokatu daitezkeen joko motak. Early Accessak aurrera egin ahala berritasunak eta joko mota desberdinak gehituz joango direla agindu dute garatzaileek. Zerbitzari pribatuak sortzeko aukera jokoaren azken bertsioarekin kaleratuko dutela nabarmendu dute.
Horren harira, early access bat izaterakoan akatsak daudela azpimarratu dute jokoaren arduradunek: “bugak eta akatsak egongo dira, baita oreka arazoak ere, eta ezaugarri asko ez daude martxan”.
Early Accesa argitaratuta, lehenengo hiru orduetan aldi berean 145.000 jokalari aritu direla iragarri du Taleworldsek. Zifra horiekin 2020an Steamen izandako debutik onena izango zen Bannerlordena. Mount & Blade II: Bannerlord 44,99 eurotara eros daiteke Steamen.
Iruzkinak