PCko bertsioa iaz kaleratu zuen Wrong Organ indie taldeak, balorazio bikainak lortuta. Naufragatutako espazioko kargaontzian kokatuko gaitu.

Mouthwashing kontsoletan kaleratuko da aurten. Wrong Organ estudioak eta Critical Reflex argitaletxeak PlayStation 5, Xbox Series eta Nintendo Switch gailuetara eramango dute beldurrezko abentura.

Espazioan kokatuko gaitu Mouthwashingek: zehazki, Curly kapitainak nahita galdutako kargaontzi espazialean. Ez da inor salbatzera etorriko… eta bizirauten duten tripulazioak sei hilabetetarako energia baino ez dauka, kapitaina erdi hilik aurkitzen den bitartean.

Proposamen interesgarri honen atzean beldur psikologiarekin jokatzen duen lehen pertsonako abentura grafikoa aurkituko dugu. Tripulaziokideen hausnarketak eta beldurrak entzungo ditugu, erabakiak hartu bitartean… bizirik jarraitzeak merezi ote du?

Indie titulua kontsoletara dator, baina iaztik PCan joka dezakegu: irailean estreinatu zen Steam plataforma bidez, ikaragarrizko balorazioak eta arrakasta lortuta. Arduradunek orain gutxi aditzera eman dutenez, milioi erdi ale saltzea lortu dute: sekulako zifrak obra independente txikiarentzat.

Argitaletxeak ez du kontsoletako bertsioen argitalpen datarik zehaztu: 2025ean merkaturatuko dutela baino ez dakigu. Fangamer-ekin elkartu dira, hori bai, edizio fisikoak prestatzeko: Mouthwashingen PS5 zein Switch bertsioak erosi ahalko ditugu modu horretara.