Intel-en prozesadorea eta txartel grafikoa erabiliko dituen lehen eskuko PCa izango da. Oraindik ez dauka argitaratze datarik.
Steam Deck-ak hasitako iraultzak jarraitzen du ordenagailuen munduan. Eskuko PCa merkaturatuko duen hurrengo enpresa MSI da: Claw A1M izeneko gailua aurkeztu du Las Vegasko CES 2024 azokan.
Deckarekin zein Asus ROG Ally eta Lenovo GO ordenagailuekin eskainitakoaren antzekoa proposatuko dute MSIkoek; hau da, jokatzeko osagai guztiak biltzen dituen PC eramangarria.
Zazpi hazbeteko 1080p pantaila da gailuaren izarra: 500 nits-eko eta 120Hz-ko pantaila izango da, True Color teknologiaren laguntzarekin.
Horrez gain, gaur egungo aginteen botoi eta stick nagusi guztiak — Xbox-ekoen eskema, atzealdean bi makro botoirekin—, RAM LPDDR5, Wi-Fi 7, Bluetooth 5.4 eta 53 Whr-ko bateria —gutxieneko ordu t’erdiko jokoa aipatzen dute— biltzen ditu Clawak. Pisua, berriz, 675 gramokoa izango da.
Biltegiratze aldetik, baina, isilik dabiltza MSIkoak: oraindik ez dute NVMe M.2 2230 PCIE Gen 4-aren memoria iragarri. RGB argiek ezin zuten hutsik egin, noski.
Interesgarriena, dena den, Intel taldearekin abiatutako elkarlana da; izan ere, Claw A1Maren prozesadorea zein txartel grafikoa Intelenak dira. Azken belaunaldiko Intel Core Ultra 7 155H prozesadorea da MSIkoek aipatzen duten indartsuena, baina itxura batean aukera desberdinak edukiko ditugu gailua erosterakoan.
CPUa Intel Arc GPUarekin iritsiko da, gainera. Horri esker Intel Xe Super Sampling bezalako teknologia erabiltzeko gai izango da, bereizmen baxuagoak erabiliz kalitate handian jokatzeko.
Software aldetik Windows 11 sistema eragilea erabiliko du; ez hori bakarrik, MSI Center edo MSI App Center bezalako berezko aplikazioak edukiko ditu Clawak nabigazioa nahiz jokoen liburutegia kudeatzea errazteko.
Datuak eta zehaztapenak ezagututa, lehen analisien zain geratu beharko gara PCaren benetako gaitasunak ikusteko. Oraindik ez dugu argitaratze data ezagutzen, baina prezioa dolarretan zehaztu dute MSIko arduradunek: 699 dolarretan merkaturatuko dute laster.
Iruzkinak