62.000 jokalari baino gehiago batu dira Warner-en pertsonaiekin jokatzeko. Gaur bertan abiaraziko dute beta irekia.
Super Smash Bros. sagaren mekanikak hartzen dituzten hainbat bideojoko ikusi ditugu azken urteotan: Brawlhalla, Nickelodeon All-Star Brawl, Rivals of Aether —laster bigarren atalarekin— zein beste batzuk iritsi izan dira. Borroka joko onak, baina arrakasta urridunak izan ohi dira; ez da gauza bera gertatu Warner Bros. Games eta Player First Games prestatzen ari diren MultiVersusekin, ordea: Steam plataformako borroka jokoen markarik onena hautsi du bere beta itxiarekin.
Izan ere, aldibereko 62.433 jokalari bildu zituen larunbatean. Ordenagailuetan ez dago halakorik lortu duen borroka jokorik: bere atzetik dago Dragon Ball FighterZ bikaina, 44.000 erabiltzailerekin. Hirugarren postuan Mortal Kombat 11 aurkitzen da, 35.000 jokalarirekin. MultiVersusena beta itxia izan dela jakinda —honetara sarbidea izateko hainbat bide dauden arren—, etorkizun oparoa duela aurreikus dezakegu.
Marka hori berriz apurtuko dute, ziurrenik, gaurtik aurrera. Izan ere, beta irekia abiatuko dute Warnerrekoek arratsaldean PC-an zein kontsoletan. Modu horretara, edonork joka dezake Superman, Batman, Shaggy, Bugs Bunny eta bestelako pertsonaiekin Nintendo-koen SSB gogora ekarriko duten partidetan.
Pertsonaia berriak aurkeztu dituzte, gainera. Alde batetik, LeBron James saskibaloi jokalaria dugu: Space Jam 2 filmeko protagonistak borroka zoro hauetan parte hartuko du. Bestetik, eta aurretik filtrazio bidez ezagututa, Rick Sanchez zientzialaria eta Morty Smith iloba ere iritsiko dira MultiVersusera. Filtrazio berak ezagutzera eman zuenez, Eraztunen Jaunako Gandalf ere ikusi beharko genuke laster.
MultiVersusen ezaugarriak nabarmentzekoak dira: Borroka jokoa guztiz doakoa izango da —eduki gehigarriak dituen arren, printzipioz dena jokatuz bakarrik desblokea dezakegu—, eta, horrez gain, joko gurutzatua eskainiko du plataforma guztien artean. PCko zein PlayStation eta Xbox kontsoletako erabiltzaileak elkarrekin jokatu ahalko dute beraz.
Gaur abiatuko den beta irekiarekin jokoa estreinatutzat emango dute Warnerrekoek. Esan bezala, MultiVersus ordenagailuetan, PS5ean, PS4an, Xbox Seriesetan nahiz Xbox Onean kaleratuko da.
Iruzkinak