Uztailaren 26an beta irekia abiatuko dute Warner Bros. Games-ekoek plataforma guztietan: joko gurutzatua eskainiko du.
Super Smash Bros-en klon ugari ikusi ditugu azkenaldian. Horietatik interesgarriena da, ziurrenik, Warner Bros. Games prestatzen ari den MultiVersus. Jokagarritasun pixkat ikusi bagenu ere, bere ezaugarrietan eta mekaniketan sakondu nahi izan dute garatzaileek azken trailerrarekin.
Warnerreko aurpegirik ezagunenak ikusiko ditugu borroka joko honetan: Superman, Batman, Bugs Bunny edo Shaggy bezalako ageriko aukeretatik hasita, Arya Stark, Iron Giant eta Finn kontrolatu ahalko ditugu, beste hainbaten artean.
Jokagarritasun bideoan ikusten denez, mekanikek Nintendo-koen tituluarekin antzekotasun handiak izango dituzte: saltoka eta kolpeka ariko gara unibertso desberdinetako kokalekuetan arerioak borrokalekutik kanpora jaurti nahian.
Nola ez, borrokalari bakoitzak bere mugimendu sorta propioa eta ezaugarriak izango ditu. Modalitate aldetik ere aukera anitzak edukiko ditugula dirudi: banaka, binaka zein guztiak guztien aurka jokatzeaz gain, bizi bidezko partidak ikusiko ditugu. Gainera, pertsonaiek azal desberdinak edukiko dituztela ere aipatu dute arduradunek: kasu batzuetan bikoizketa propioa ere entzungo dugu hauekin.
Nabarmentzekoa da eskaintza hau guztia doakoa izango dela: MultiVersus dohainik jokatu ahalko da plataforma guztietan. 2022an estreinatzea aurreikusten dute; hala ere, aurretik probatzeko aukera izango dugula dirudi. Uztailaren 26an beta irekia martxan jarriko dutela diote garatzaileek.
PC-an nahiz Xbox One, Xbox Series , PlayStation 4 eta PlayStation 5 kontsoletan ikusiko dugu doako proba; hau da, jokoa kaleratuko den plataforma guztietan. Zortzi mapa desberdin eskainiko dituzte hainbat pertsonairekin batera. Joko gurutzatua eskainiko dutenez, plataformak berdin izango dio lagunekin jokatzerako orduan.
Monetizazio elementuak ikustea falta bada ere, egia esan proiektu itxurosoa egiten dabiltzala onartu beharra dago. Ziurrenik Smashen mekanika sakonak faltan izango baditu ere, gainerako plataformetan nagusitu daitekeen brawler erako borroka jokoa izan daiteke MultiVersus. Aurten estreinatzen denean ikusiko dugu.
Iruzkinak