World Maker eguneratzeak power-up, objektu eta etsai berriak gehitu ditu. Bideojokoaren azken eguneratze handia izango dela azaldu du Nintendok.
Nintendoren iturginaren eszenarioak diseinatu eta horietan jokatzeko aukera ematen duen Super Mario Maker 2k bere azken eguneratze handia jaso du. World Maker izenarekin, Nintendo Switcheko bideojokoaren erabiltzaileei mundu propioak sortzeko aukera eman die.
Eguneratzearekin jokalariek zortzi mundutan banatutako 40 maila sortu ahal dituzte. Super Marioren joko klasiko propioa diseinatu ahal da horrela, xehetasun guztiak zainduta. World Makerrentzako aukeratu duten itxura SNESeko Super Mario Worldekoa da: munduetako mailatan jokatzen hasita Super Mario Bros. 1 eta 3, World, New Super Mario Bros. U eta Super Mario 3D World estiloak erabili ahal dira.
Mario Makerren gakoetako bat sortutako guztia partekatzea izanik, erabiltzaileek beraien munduak sarera igotzeko aukera dute, betiere Nintendo Switch Online zerbitzuan harpidetza eginda.
Mota guztietako berritasunak
World Maker funtzioa ez da azken eguneratze horrek ekarri duen berritasun bakarra. Garatzaileek hainbat objektu eta power-up berri aipatu dituzte trailer baten bidez. Horien artean Super Mario Bros. 2ko perretxikoa nabarmentzen da: objektua erabilita joko horretako Marioren itxura hartu, eta arerioak lepoan hartu eta jaurtitzeko ahalmena lortzen da.
SMB estiloan soilik erabili daiteeken perretxikoarekin batera estilo bakoitzarentzako power-upak gehitu dituzte: SMB3ko igel trajea, SMWeko power balloon, NSMBUko super ezkurra eta SM3DWeko kanoi edo helize kutxak, besteak beste.
Etsai berriak ere ikusiko ditugu Maker 2n: Nintendok zazpi Koopalingak gehitu ditu. Jatorriz SMB3n agertutako etsai nagusiak edozein estilotan erabil daitezke, 3D Worldekoan izan ezik.
World Maker eguneratzea doakoa da, eta ia urtebete iraun duen eguneratze eta berritasunen egutegiari bukaera emango dio.
Iruzkinak