Artea nonahi dago. Egunero etxetik atera bezain laster, kaskoak jantzi eta gure musika gogokoena jartzen dugu, haren erritmo bizia jarraituz gure ibilkeran. Autobusean hain zirraraturik gaituen nobelaren beste atal bat irakurtzen dugu, emozio aurpegia inguratzen gaituzten ezezagunengandik ezkutatuz (edo ezkutatzeko saiakera eginez, hobeto esanda). Hiriko eraikin berria ikustean asperen egin ondoren, ahoa zabalik dugula geratzen gara begira, inozo itxurarekin.

 

Zineman ikusi berri dugun filmeak ateratako negar malko horiek ukatu egingo ditugu lagunartean, baina ondo dakigu bihotza hunkiturik atera garela aretotik, kredituak hasi bezain pronto.

Funtsean, hori guztia artea baita. Definitzeko zaila bada ere, hitz hau ez da arrotz inorentzat eta sentimendu bat sorrarazi digun edozein produkturi berehala esleitzen diogu. “Hori artea duena Adurizek, zeinen gol ederra!” diote futbolzaleek, oihu artean. Ballet obra amaitu bezain laster, koreografiaren bikaitasuna ohoratzeko asmoz egokitzen diote hotsandiko hitz hau dantza-zale amorratuenek. Arrazoi osoz darabiltzate halako terminoak, noski… Baina ba al da zirrara hau handiarazteko erarik egungo arte garaikidearen testuinguruan? Baiezko zuzena ematera ausartuko ez naizen arren, elkarrekintzaren ideia jaurtiko dut eztabaida mamitsu honetara.

Elkarrekintza, edota gizaki eta makinen arteko interakzioa, guztiz sustraituta dago gure gizartean smartphone, ordenagailu eta bestelako tresneria elektronikoari esker. Aukera berri hau duela hamarkada gutxi agertu zenean, denbora urria behar izan zuten garaiko lehen joko elektronikoa asmatzeko.

1958. urtea zen, eta historiako lehen bideojokoa sortu berri zen. Tennis for Two izenpean, lehen ordenagailurako joko elkarreragileak proposamen arrunta bezain interesgarria eskaini zuen: tenis edo ping-pong partida birtualak jolastea. William Higinbotham fisikariak ideia honi esker jaso zuen bideo jokoen aitona izatearen merezimendua.

Geroztik, bilakaera etengabean egon dira bideojokoak, alderdi tekniko nahiz artistikoei dagokienez. Nabariena lehena da, 2D Mario pixeldun hartatik egungo grafikoetara eginiko jauziak bertigoa sentiarazten baitigu. Alderdi teknikoago honek ateak zabaldu dizkio bideojokoen munduari zinemaren artera hurreratzeko, hau izanik, zalantzarik gabe, azken urteotan beha dezakegun joera nagusia. Mugimendu honen xedea istorio sakonak hartu eta elkarrekintzaz blaitzea da, honela jokalariaren inplikazioa bermatuz.

Multzo honetan sar genezakeen joko bat baino gehiagorekin bukatu dut negar batean pantailaren aurrean. Pertsonaiekin izandako lotura erraldoiari eta euren sufrimendua nire azalean pairatzeri esker lortu dute joko batzuk nire bihotzean tarte bat edukitzea, nire filme eta abesti kuttunen alboan.

Arte hitza etiketa huts bilakatu duen gizarte dekadente honek, ordea, ez dio aukera bat eman nahi proposaturiko abenturak gugandik inoiz baino gertuago bizitzeari, jokalarioi friki etiketa itsatsi digularik trukean. Egia ote friki hutsak garela bideojokoen bizitza labur honen jarraipena nolakoa izango den ikusi nahi izateagatik? Denbora omen da poligrafo bakarra.

 

Testua Deiako Ortzadar aldizkarirako idatzia izan da.