Byking garatzailea arduratuko da berriz Midoriya, Bakugo eta gainerako heroien dueluak prestatzeaz. PS5, Xbox Series eta PC gailuetara helduko dira.
Bandai Namco argitaletxeak My Hero Academia: All’s Justice iragarri du. Kohei Horikoshi mangakaren obra ezaguneko duelu guztiak aurkeztuko dituen borroka jokoa da, manganimearen amaieraraino iritsita.
My Hero One’s Justice sagaren hirugarren atala dela esan daiteke; hori horrela, anime edo arena borroka jokoen proposamena —pentsa Naruto Ultimate Ninja Storm edo Kimetsu no Yaiba The Hinokami Chronicles jokoetan— 3vs3 norgehiagokekin elkartuko du. Boku no Hero Academia-ren istorio osoa bilduko duenez, berritasunetako bat heroi zein bilau guztien azken transformazioak, botereak eta itxurak biltzea izango da: Borrokalarien “zerrenda erraldoia” ikusiko dugu.
Byking estudioa arduratuko da, beste behin, My Hero Academiaren jokoa garatzeaz. Azaldu dutenez, oraingoan istorioari lehentasun guztia emango diote: zinematika landuekin Midoriya, Bakugo, All Might eta gainerakoen bizipenak jarraituko ditugu.
Borroken aldetik ere txukundutako sistemak eta mekanikak agintzen dituzte egileek. Konbo luzeak eta ikusgarriak egingo ditugula ikus daiteke lehen bideoetan zein irudietan, pertsonaia bakoitzaren berezko abileziak erabiliz zein taldekideen arteko sinergiez baliatuz.
Manga bukatuta badago ere, animearen azken denboraldia urte bukaera aurretik estreinatuko da; hortaz, All’s Justice telesailarekin bat egiteko prest etorriko da. Ez daukagu kaleratze datarik oraingoz, tamalez, baina PlayStation 5, Xbox Series eta PC plataformetan plazaratzeko asmoa agertu du Bandai Namcok.
Iruzkinak