Iruñeako Cokoon Games Lab estudioaren bigarren lana Switch-ean estreinatu da. Lau lagunek elkarrekin joka dezakete.

Narona Sports koloretsua iritsi da Nintendo Switch kontsolara. Euskaraz estreinatutako bideojokoaren erabateko protagonistak kirolak dira. Bost, zehazki: futbolean, saskibaloian, boleibolean, maiek jokatzen zuten pot-ta-pok kirolean, eta, azkenik, gure pilotan ibiliko gara.

Izan ere, estudio euskaldunak kaleratutako jokoa dugu. Iruñeako Cokoon Games Lab izan da proiektuaren sortzailea: Narona Sports beren bigarren jokoa izan arren, pertsonaia berberak partekatzen dituen Tzuki’s Plan B estreinatu zuten iaz gailu mugikorretan.

Aurreko lana plataformaz betetako runner erako jokoa izan zen, baina Narona Sportsekin generoa erabat aldatu dute. Bi dimentsioko atal grafiko koloretsu eta alaiarekin partidu biziak lehiatuko ditugu Switcheko tituluan.

Arau sinpleekin eta jokagarritasun errazarekin, txikiei zein nagusiei zuzendutako lana dugu. Ahalik eta tanto gehien markatzea izango da gure helburua, noski; hala eta guztiz ere, kirol bakoitzaren arauek eta ausaz sortutako kokaleku mota desberdinek —oztopo anitzekin— bizitasuna eskainiko dizkiete norgehiagokei. Kontrol aldetik, saltoka eta irristaka ibiliko gara garaipenaren bila.

Ezaugarri desberdinak dituzten hamar pertsonaia biltzen ditu Naronak: batzuk bizkorragoak izango dira, baina txikiagoak aldi berean. Handienek balioak zein pilotak jotzeko eta gelditzeko aukera handiagoak edukiko dituzte. Hori bai, gehienak partidak jokatuz desblokeatu beharko dira.

Gatza eta piperra emateko, nola ez, multijokalarian jokatzea daukagu: lau lagunek goza ditzakete bideojokoak eskaintzen dituen modalitate desberdinetako partidetaz.

Narona Sports Nintendo Switchean estreinatu da.