Kohachi taldeak Game Boy Advance-an argitaratu nahi zuen orain 20 urte. Pokémon GO estiloko proposamena yokai izaki japoniarrekin batzen du.
Navinosuke: The Yo-kai Buster iragarri du Kohachi estudio japoniarrak. Aspalditik galduta zebilen bideojokoa Switch kontsolan ikusiko dugu “laster”.
Adi, 20 urtez galduta egondako titulua da: Game Boy Advance kontsola eramangarria kaleratzeko asmoa zeukaten. Pokémon frankizia japoniar mitologiako yokai izakiekin edo deabruekin uztartzen du jokoak: hauek zigilatuta gure lagun bilakatuko dira, ostean txandakako JRPG borroketan gidatzeko.
Ez da horretara mugatzen, ordea. Garatzaileek azaldu dutenez, GBAko kartutxoan inplementatuko zuten GPS gailua erabiltzea zen helburua, Pokémon GOk hainbat urte beranduago egin bezala, gure kokalekua hartuta fikziozko Japoniatik ibiltzeko.
Bertsio hura ia bukatuta zegoen arren, itxura batean ezin izan zuten GPSa inplementatu Nintendo-ren kontsola eramangarrian. Bi hamarkada igarota, buruan zeukaten ideia burutzeko prest daudela dirudi.
Kohachi 2023an eratutako estudioa da; atzean, Nazca Corporation taldeko garatzaileak daude. Hau da, Metal Slug edo R-Type mitikoetan lan egindako sortzaileak. Akio Oyabu artista aurkitzen da horien artean: Navinosukeri aipatutako tituluen pixel art estetika berezia eskainiko dio, xehetasunez betea.
Ez da talde japoniarrak iragarritako bideojoko bakarra: Black Finger JET itxurosoa aurkeztu zuten duela bi urte. Metal Slugen oinordekoa izango dela dirudi, 2D korri eta tiro egin jokagarritasun azkarrarekin. Oraindik ez dauka argitaratze datarik.
Navinosuke: The Yo-kai Buster Switch kontsolan estreinatuko da, dena ondo badoa, 2026 hasieran.
Iruzkinak