PC, PS5 eta Xbox Series plataformatara iritsiko da. Ohiko lasterketak cel shading estetikarekin batuko ditu EA-ren jokoak.
Need for Speed frankiziaren hurrengo atala ezagutzera eman dute Electronic Artseko arduradunek. Unbound azpitituluarekin, lasterketa jokoa abenduaren 2 kaleratuko dute.
Iragarpena trailer bereziarekin egin dute. Bertan ez dugu jokagarritasunik ikusiko, baina bai jokoak aurkeztuko duen estetika bereizgarria; izan ere, cel shading estetika hartuko dute oinarritzat grafiko koloretsu eta biziak eratzeko.
“Denboraren aurka egin, polizia garaitu eta parte hartu asteroko kanporaketetan Grand-era iristeko, Lakeshore-ko kale lasterketen behin betiko erronkara”. Hitzok irakurrita, argi geratzen da Need for Speed Underground azpifrankiziarekin abiatutako girotzera itzuliko direla; are gehiago, kotxeen itxura zein errendimendua eraldatzeko aukera mordoa aipatzen dituzte. Tuneatzeak bueltan dira.
Unboundek jokalari bakarrarentzako kanpaina zein multijokalaria —joko gurutzatuarekin, gainera— eskainiko ditu 4K-ko bereizmenean eta segundoko 60 iruditako tasara. Hau guztia lortzeko, baina, gailuen egungo belaunaldira mugatuko dira: bideojokoa PCan nahiz PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan kaleratuko du EAk.
Arestian aipatu modura, abenduaren 2an jasoko dute plataforma horiek. Hala eta guztiz ere, jokoa erreserbatzen dutenek hiru egun lehenago jokatzen hasteko aukera edukiko dute: azaroaren 29tik aurrera, beraz.
Iruzkinak