Finlandian ireki dute; Marko Lastikka izango da zuzendaria. “Mundu mailako bideojokoak” sortu nahi dituzte.
Netflix bideojokoen munduan bete-betean murgildu zen iaz. Bere harpidetza zerbitzura jokoak gaineratu zituen Android sistema eragilearentzat; modu horretara, edozein harpidedunek jokatzeko tituluen zerrenda luzea eskuratu du. Orain, baina, beste pauso bat eman dutela jakinarazi dute: bideojokoen estudio propioa eratu du Netflixek.
Amir Rahimi Netflixeko Game Studios-en zuzendariordeak eman du albistea enpresaren webgune ofizialean: “Harro nago nazioarteko bideojokoen estudioa Helsinkin, Finlandian, sortzen ari garela iragartzeaz”. Aditzera eman dutenez, estudioko zuzendaria Marko Lastikka da: Zynga enpresako zuzendariordea izandakoa da.
Taldearekin, “mundu mailako bideojokoak” sortzeari ekingo diotela dio Rahimik. Agindu duenez, tituluok ez dituzte inolako iragarkirik edo mikroordainketarik edukiko. Hauen lanak ikusteko asko falta dela nabarmendu dute, hori bai: “bideojoko bat sortzeak urteak har ditzake”.
Helsinkikoa Netflixen estudio propioa izango da, baina ez lehena: aurretik, Next Games, Night School Studio eta Boss Fight Entertainment bereganatu dituzte. Bakoitzak bere ardatzak eta indarguneak dituela nabarmenduta, bideojokoen zerrenda anitza eratu nahi dute.
Iruzkinak