Urriaren 15ean estreinatuko dira, aurretik iragarritako bertsioekin batera: Nomada Studio-ren lana PS5, Xbox Series, Switch eta PC plataformetara ere iritsiko da.
Neva indie abentura desiratua are plataforma gehiagotan estreinatuko dela iragarri du Devolver Digital argitaletxeak. Nomada Studio katalanaren bideojoko berria PlayStation 4 zein Mac gailuetan jokatu ahalko da.
Urriaren 15ean estreinatuko da aipatutako plataformetan; hau da, PS4 eta Mac bertsioak Nevaren estreinaldi handirako prest egongo dira. Egun berean PlayStation 5, Xbox Series, Switch eta PC plataformetan kaleratuko dute abentura eta puzzle obra ederra.
Alba izeneko neska gaztearen rola jokatuko dugu Nevan. Otsokume adiskidearekin batera, pixkanaka suntsitzen eta galtzen dabilen mundu arriskutsua zeharkatuko dute, era guztietako arriskuei aurre eginez. Borrokak, puzzleak eta plataformak ikusiko ditugu ingurugiro bitxi bezain zoragarrien artean.
Bi dimentsioko atal estetiko bereziak argi uzten du zein den Nomadaren aurreko bideojokoa: Gris sarituaren elementuak bereganatzen ditu Nevak grafikoen zein jokagarritasunaren aldetik.
Esan bezala, astebete eskas barru estreinatuko da Neva. Urriko bideojokoen estreinaldi esanguratsuenen agendan gehitu genuen Game Erauntsian.
Iruzkinak