Orain 21 urte egin bezala, argazki kamera hartuta pokemonen albuma egiteko unea heldu da.
The Pokemon Companyk zale asko urteak itxaroten daramaten bideojokoaren iragarpena egin du: New Pokemon Snap argazki jokoa Nintendo Switcherako kaleratuko dute.
Iragarpena Pokemon Presents aurkezpenaren baitan egin dute. Pokemon Snap berriaren inguruko informazio gutxi eskainita, jarraitzaileei trailer labur bat eskaini diete.
Bertan argi ikusi daitekeenez, Nintendo 64an argitaratutako jatorrizko Pokemon Snapen eskema berbera jarraituko dute. Kokaleku desberdinetatik errailek ezarritako bidea jarraituta pokemonei bizi diren habitatean argazkiak ateratzea izango da bideojokoaren helburua.
Oraindik argitaratze datarik zehaztu gabe, New Pokemon Snap “laster” estreinatuko dela agindu dute garatzaileek. Aurkezpenean argazki jokoa ez ezik Pokemon GOri buruzko berritasunak eman eta Pokemon Smile edota Pokemon Cafe Mix jokoak ezagutzera eman dituzte.
Aurkezpena bukatzerakoan oraindik berri gehiago dituztela nabarmendu dute Pokemonen arduradunek. Datorren ekainaren 24an “proiektu handi bat” aurkeztuko dutela agindu dute.
Pokemon Presentsean Tsunekazu Ishihara The Pokemon Companyko presidentea Johto eskualdeko pokemonen panpinaz inguratuta agertu da. Suposatzekoa da beraz datorren asteko aurkezpenak Game Freaken JRPGaren bigarren belaunaldiarekin zerikusia izatea.
Iruzkinak