“Zazpi digituko zenbatekoa” ordaindu du egunkari estatubatuarrak Josh Wardle-ren jokoarengatik. Talaios Kooperatibak itzulitako euskarazko bertsioa dauka.
Erosketekin jarraitu du gaur bideo-jokoen industriak; oraingoan, baina, giro guztiz desberdinean. New York Times egunkariak iragarri duenez, sekulako arrakasta lortu duen Worlde hitz jokoa bereganatu du. Proiektuak ikaragarrizko ospea lortu du bere formatu erakargarriarengatik nahiz emaitzak sarean partekatzeko eragatik.
Josh Wardle garatzaileak 2021eko urrian zabaldutako jokoa da Wordle. Egunkariko arduradunek ez dute zehaztu honengatik ordaindutakoa prestatu duten albistean; hala ere, “zazpi digituko zenbatekoa” izan dela nabarmendu dute. Erosketak “hitz gurutzatzuek eta ortografia lehiaketek egun duten garrantzia islatzen dituela” aldarrikatu dute NYT-etik: hauei esker egunkariaren harpidetza digitalak 10 milioitara iristea nahi dute 2025. urterako.
Wordlen bost letrako hitz bat asmatu beharko da egunean behin. Horretarako sei saiakera izango dituzte jokalariek: letrak asmatzen joanez hauek hitzean dauden nahiz leku egokian kokatuta dauden azaltzen du jokoak.
Wardle bera ere mintzatu da erosketaren inguruan bere Twitter kontutik. Jatorriz pertsona bakarrarentzako sortutakoa izan arren, “jokoa uste baino handiagoa bilakatu dela” azpimarratzen du sortzaileak, eta lortutako arrakasta “ikaragarrizkoa” izan dela.
Wordleren ingelerazko bertsioa doakoa da, eta garatzaileak horrela izaten jarraitzeko asmoa agertu du; halere, NYT-en bereganatzearen ondoren ikusteko dago doako formatua mantentzen jarraituko duen.
Dena den, hizkuntza gehiagotan jokatu daiteke Wordlera: horien artean euskara dago. Talaios kooperatiba arduratu da hitz jokoa euskaratzeaz. Esteka honetan sakatu baino ez duzu egin behar jokatzeko. Hori horrela, Wordle Game Erauntsiaren euskarazko bideo-jokoen zerrendan aurki daiteke.
Iruzkinak