Red Candle Games estudio taiwandarrak Sekiro-ren borrokak bi dimentsioko metroidvania generoarekin uztartu ditu.

Nine Sols indie bideojokoak kaleratze data jaso du azkenik: ordenagailuko bertsioa maiatzaren 29an argitaratuko dutela baieztatu dute Red Candle Gameseko egileek.

Metroidvania abentura honek bi dimentsioko jokagarritasuna zein estetika elkartzen ditu. Yi heroian bilakatuko gara, bederatzi Sol maltzurrak garaitzeko helburuarekin. New Kunlun hiriko zoko guztietatik ibili beharko gara askotariko etsaiak garaitzen eta ahalmen bereziak lortzen.

Atal grafiko koloretsuaren atzean mendeku istorio odoltsua azalduko zaigu. Sekiro: Shadows Die Twice bikainaren mekanikak bereganatzen ditu, gainera, Nine Solsek: kontraerasoak eta parry-ak ezinbestekoak izango dira arerio gogorrak menperatzeko.

‘Taopunk’ izenez bataiatu duten girotzean barneratuko gara: istorioak sekulako garrantzia edukiko du Nine Solsen, hizketaldi sakonekin. Ez da harritzekoa, sortzaile taiwandarrak aurretik Devotion eta Detention beldurrezko obra arrakastatsuak sortu baizituzten.

2022. urtean abiatutako finantzazio kanpainarekin bildu zuten Nine Sols prestatzeko beharrezko dirua: Eskatzen zituzten 90.000 euroak soberan gainditu zituzten, 400.000 euro eskuratuta.

Game Erauntsia irratsaioko hirugarren denboraldian aipatu genuen Nine Sols:

Esan bezala, maiatzaren 29an merkaturatuko dutena PCko bertsioa izango da; hala eta guztiz ere, PlayStation zein Switch kontsolatarako prestatzeko asmoa agertu dute taiwandarrek.

 

Proba ezazu euskaratutako demoa

Argitaratu arte itxaroten dugun bitartean, doako proban aritzeko aukera daukagu Steam bidez. Are gehiago, demoan euskaraz ibil gaitezke: hainbat bideojoko gure hizkuntzara lokalizatzeaz arduratu den Ibai Oihangurenek proba euskaratu zuen joan den urte bukaeran.

Ordubete eskas irauten duen probaren itzulpena Oihangurenen Github orrialdean aurkituko dugu. WindowsGNU/Linux eta Steam Deck plataformetarako prestatu zuen euskaratzea.