Tribute Gamesek eta Dotemuk Teenage Mutant Ninja Turtles: Shredder’s Revenge aurkeztu dute PC eta kontsoletarako.
Nostalgiaz betetako trailer batekin iragarri dute Ninja Dortoka Gazteen azken bideo-jokoa. Dortoken arkade joko klasikoen jarraipena izango da Teenage Mutant Ninja Turtles: Shredder’s Revenge: beat ‘em up honek Leonardo, Raphael, Michelangelo eta Donatello elkarlanean jarriko ditu beste behin Shredderri aurre egiteko.
Tribute Games garatzailea arduratuko da jokoaren garapenaz; aldez aurretik dortoken Game Boy Advancerako jokoa prestatu zuten bertako hainbat lankidek, eta orain gutxi berriz argitaratu den Scott Pilgrim vs. The Worlden ere lan egindakoak dira bertakoak. Ekoizlea Dotemu da, azken urteetan Streets of Rage 4, Wonderboy: The Dragon’s Trap eta beste hainbat klasikoren lan egindako estudioa, hain zuzen ere. Beat ‘em up motako jokoetan adituak dira arduradunak beraz.
Shredder’s Revengek GBAko jokoen pixel art estiloa gogora ekartzen du erakutsitako irudiekin; 1987ko telesaileko diseinuak erabiliko ditu bideo-jokoak, antzinako arkade jokoekin are antzekotasun nabarmenagoak lortuta horrela. Jostagarritasun aldetik ezusteko gutxi espero beharko dira, baina genero honetako zaleentzako abentura aproposa dirudi: kolpeak, Bebop edo Rocksteady bezalako etsai nagusi klasikoak eta pizzak izango dira nagusi Manhattan zeharkatuko duen abenturan.
Nola ez, lau jokalarik batera jokatu dezakete dortoka bakoitza hautatuta. Trailerra ikusita April eta Splinter maisua kontrolatzeko aukera ere egongo dela dirudi, baina oraindik baieztapena falta da. Ibilgailuen gainean ere ari beharko dela nabarmendu dute garatzaileek.
Argitaratze data finkatu gabe utzi dute prentsa oharrean. Hori bai, Teenage Mutant Ninja Turtles: Shredder’s Revenge PC zein kontsoletan kaleratuko dute.
Iruzkinak