Ninja Gaiden edo Blue Shadow bezalako klasikoak jarraitzen dituen jokoa PC, PS4, Xbox One eta Switcherako argitaratuko du Mechanical Head Studiosek.
Shovel Knight ospetsuaren sortzaileak diren Yacht Club Gamesek Bostonen ospatzen ari den PAX East aprobetxatu bere jokoen berri emateko.
Iragarri berri duten Shovel Knight Pocket Dungeonekin batera orain urtebete erakutsi zuten Cyber Shadow akziozko joko retroaren berritasunak erakutsi dituzte trailer berri baten bidez.
Yatch Clubekoek argitaratzaile lanak hartu dituzte kasu horretan; Cyber Shadow Mechanical Head Studios taldearen eskutik dator. Etorkizun urrun batean oinarritzen da NESeko Ninja Gaiden edota Blue Shadow bezalako jokoak jarraitzen dituen lan hori.
Izaki sintetikoek mundua bereganatu dute. Shadow ninjak inbasioaren jatorria ezagutzera emateko bidaia egin beharko du, bere klana babesteko asmoarekin. Horretarako Mekacityko hondakinetatik aurrera egin beharko du ninjak, ahalmen ezkutuak eta sekretuak aurkituz bidaia luze horretan.
Akzio zirraragarria eta plataformak nagusi izango dira 8-biteko estetika duen bideojokoan. Arduradunek zehaztu dutenez, Cyber Shadowek “eskuz sortutako spriteak, kontrol perfektuak eta hainbat final boss apokaliptiko” edukiko ditu.
Argitaratze datarik zehaztu gabe, 2020ko udazkenean Cyber Shadow PS4, Xbox One, Switch eta Steam bidez PCrako argitaratuko dutela azpimarratu dute Mechanical Head Studiosekoek.
Iruzkinak