Udazkenean iritsiko da hack and slash mitikoaren atal berria. Ninja Gaiden 2ren Black berregitea ezagutzera eman dute… baita kaleratu ere.
Xboxen Developer Direct aurkezpeneko obra misteriotsua Team Ninja-rena da: Ninja Gaiden 4 aurkeztu dute japoniarrek.
Udazken honetarako prest edukitzea aurreikusten dute egileek. Sagaren ohiko elementuak aurkituko ditugu laugarrenean: ninjak zein deabruak, hack and slash borroka dinamiko odoltsuak eta akzio eszena ikusgarriak.
Protagonista berria ezagutuko dugu: Yakumo ninja maisua. Garatzaileek diotenez, denbora dezente igaro da Ninja Gaiden 3ko gertakarietatik; Ryu Hayabusa kondaira hutsa da ninjen artean, baina bere bila jo beharko dugu Yakumorekin.
Heroi aldaketa hasiberriak NGen munduan murgiltzeko bide aproposa dela uste dute arduradunek: “Azken jokotik denbora asko igaro denez, heroi berria nahi genuen jokalari berrientzat erakargarriagoa izan zedin”, dio Yuji Nakao ekoizleak.
Lasai, Hayabusa ere itzuliko baita. Protagonista klasikoa bere mugimendu nahiz eraso ezagunekin ikusiko dugu berriz, mekaniken konplexutasuna areagotuz. Ez da joko erraza izango, inondik inora ere.
Koei Tecmo-ren babespean garatzen dabiltza Team Ninjakoak, beti bezala, baina bidelagun berriarekin: hack and slash jokoetan adituak diren PlatinumGames mitikoarekin elkarlanean jaio da NG4. “TNren neurrizko borroka filosofia PGren estilodun borroka sistema dinamikoarekin fusionatzen du jokoak”, aldarrikatzen dute prentsa oharrean.
PlayStation 5, Xbox Series eta PC plataformetan gozatuko dugu Ninja Gaiden 4z. Esan bezala, 2025eko udazkenean merkaturatuko da.
Saga berpiztuz
Ninja Gaidenen zaleak pozez txoratzen utzi dituzte Team Ninjakoek. Izan ere, laugarrenaren iragarpena hasiera baino ez zen izan: aurkezpena bukatu bezain laster, erakusteko “beste gauza bat” daukatela aipatu zuten japoniarrek.
Ninja Gaiden 2 Black-i buruz zebiltzan. Unreal Engine 5 garapen motorea erabilita, 2008. urteko hack and slash klasikoa berregin dute Team Ninjakoek… eta, ez hori bakarrik, ustekabean kaleratu dute: PS5, Xbox Series zein PC gailuetan jokatzen has gaitezke jadanik.
Birmasterizazioa dela diote egileek, baina izugarrizko lana egin dutela ikus daiteke. Testurak, modeloak eta argiztapena nabarmen hobetu dira, gaur egungo bideojokoaren aurrean gabiltzala argi utzita. Jokagarritasuna, hori bai, bere horretan mantentzen da: gupidagabeko hack and slash abentura dugu NG2ren Black bertsioa.
Frankizia modernoko bi jokoez gain, beste bat ere garatzen dabiltzala gogoratu beharra dago: abenduan aditzera eman zuten Ninja Gaiden Ragebound, sagako joko klasikoen oinarriak hartzen dituen 2D abentura.
Blasphemous ikaragarrien egilea den The Game Kitchen talde sevillarra da Ragebounden arduraduna: uda honetan jasoko dugu PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One, Switch eta PC plataformetan.
Iruzkinak