The Game Kitchen talde sevillarrak 2025eko udan argitaratuko du Ragebound 2D plataforma abentura, Koei Tecmo-rekin elkarlanean.

Ninja Gaiden bueltan da, baina aspaldiko arkade joko klasikoen tankera berreskuratuta. Blasphemous bikainen garatzaileak arduratuko dira frankizia mitikoa Ninja Gaiden Rageboundekin berpizteaz: The Game Kitchen estudio sevillarra da arduraduna.

Pixel art aldetik Blasphemousekin antzekotasun handiak dituen 2D abentura ikusi dugu; hala ere, Ninja Gaiden klasikoen run and gun estiloko jokagarritasun bizkorra eta dinamikoa da nagusi. Ez dugu Ryu Hayabusa shinobi-a kontrolatuko —oraingoz dakigunik—: bere ordez, Kenji Mozu ninja gaztean bilakatuko gara.

Beste shinobi gerlari batzuen aurka aritzeaz gain, deabruak ere akabatu beharko ditugu: katanak, shuriken izarrak, kontraerasoak eta beste zenbait mugimendu berezi ikus ditzakegu bideoan. Plataformak ardatz ditu Rageboundek, baina; saltoak eta itzulipurdiak nagusi izango dira Kenjirekin.

Kontsola nagusi guztietan ikusiko dugu: PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One eta Switch bertsioak prestatzen dabiltza, baita PCkoa ere. Datorren urteko udan argitaratzeko asmoa daukate.