Switch kontsolako bideojokoak “beste ekimen batzuetara” eramateko asmoa agertu dute japoniarrek, Alemaniakoa alboratuz.

Aurtengo Gamescom azokak partaide eta laguntzaile garrantzitsuenetakoa galdu du. Nintendo ez da Koloniara hurreratuko urte honetako ekimenean parte hartzeko.

Games Wirtschaft agerkari alemanak zabaldu du berria lehenengo, Nintendo Europako komunikazio arduradunarekin harremanetan jarrita: “Gamescom ekitaldi handia da, eta urtero parte hartzearen inguruan hausnartzen dugu Nintendon; alabaina, aurten parte hartu gabe geratzea erabaki dugu”.

Horren ordez, beste ekitaldi batzuetara joango direla aldarrikatzen dute Kiotokoek. “Jokalariek Nintendo Switcheko bideojokoak Alemaniako beste ekimen batzuetan probatu ahalko dituzte”.

 

Hurrengo belaunaldia prestatzen

Nintendo Switcharen oinordekoa da, ziurrenik, erabaki honen atzean dagoen erantzulea. Iazko Gamescomean kontsolaren demo teknikoak aurkeztu zizkieten garatzaileei; orain, gailua prestatzeko azken hilabeteak geratzen zaizkiela, lasaiago hartzea erabaki dutela dirudi.

Izan ere, Switch 2 hau datorren urteko martxo aldera —edo, behintzat, lehen hilabeteetan— merkaturatuko dutela adierazi dute hainbat iturrik. Egia izanez gero, iragarpena urte bukaeran ikusiko genuke, Gamescoma ospatu eta hilabete batzuetara.

Gamescom 2024 azoka abuztuaren 21etik 25era bitartean ospatuko da Kolonian. Bideojokoei lotutako ekitaldi europarrik handiena da. Nintendok parte hartzeari uko egin badio ere, oraindik gainerako partaideen zerrenda baieztatzeke dago.