Gailuen tituluetan online jokatzeko aukera galduko da, baina erositako jokoak jaisten eta eguneratzen jarraitzeko aukera emango dute.
Nintendo 3DS eta Nintendo Wii U kontsolen online zerbitzuak bertan behera utziko dituela iragarri du Kiotoko enpresak. Zehazki, 2024ko apirilean itxiko dira.
Nintendoren zein hirugarrenen ia bideojoko guztien online ezaugarriei eragingo die erabakiak. Hori horrela, sarean jokatzeko funtzioak galduko dituzte: online partidak, kooperatiboak, puntuazio taulak, etab.
Japoniarrek diotenez, badira online zerbitzuak erabiltzen jarraituko duten tituluak, baina oraingoz ez dituzte salbuespen guztiak zehaztu. Horietako bat Pokémon Bankua izango da: momentuz bere funtzionaltasun guztiek abian jarraituko dutela jakinarazi dute. Nola ez, offline zerbitzuak inolako arazorik gabe erabiltzen jarraitu ahalko da.
Online zerbitzuen itxiera saltoki digitalenera gehitzen da. Martxoan itxi zituzten 3DSko eta Wii Uko eShop saltokiak. Saltokiak ixterakoan hainbat joko digital guztiz desagertu ziren: Dr. Luigi, adibidez, baita 2018an ateak itxi zituen Delirum Studios bilbotarrarren Von Sottendorf-en eta Bere Buru Laukituaren Delirioak puzzle jokoa ere.
Hala eta guztiz ere, saltokiotan erositako jokoak nahiz eduki gehigarriak instalatzen, eguneratzen eta jokatzen jarraitzea ahalbidetzen dute Nintendokoek, oraingoz behintzat.
Esan bezala, Nintendo 3DS eta Wii U kontsolen online zerbitzuak 2024ko apirilean itxiko dira.
Iruzkinak