Piko Interactive garatzailea jatorrizko jokoaren kodea hartu eta birmasterizazioa prestatzen ari da.
Nintendo 64ak askotariko hiru dimentsiotako plataforma jokoak eskaini zizkigun. Ezin daitezke Super Mario 64, Banjo-Kazooie edo Donkey Kong 64 bikainak ahaztu, baina N Handitik kanpoko enpresek ere beren abentura propioak eraman zituzten kontsolara. Hori da Gloverren kasua: pilota bat eraman behar zuen eskularruaren kontrola hartzen genuen hemen. Klasiko hau datorren hilabetean PC-ra iritsiko dela iragarri dute orain.
Piko Interactiven eskutik etorriko da. Enpresatik adierazten dutenez, “zure haurtzaroko bideojokoen lizentziak erosi eta gauza harrigarriak sortzea” da beren helburua. Hori horrela, Nintendo 64ko Gloverren bertsioaren kodea lortu eta hau erabilita Steamerako bideojokoa sortzeari ekin diote; hau da, egungo ordenagailuetarako birmasterizazioa izango da.
Izan ere, Gloverrek, bai PCko, bai PlayStation 1-eko bertsioak eduki zituen bere garaian. Hasbro Interactive eta Interactive Studios —Blitz Games Studio-n bilakatuko zena— arduratu ziren tituluaren garapenaz. Dena den, 1998. urteko N64ko obra originala hartu dute Pikokoek ahalik eta eguneraketarik onena egiteko.
Eskularru magikoak sei mundutan banatutako 30 maila esploratu beharko ditu pilota garraiatuz helmugara iritsi ahal izateko. Borrokak, puzzleak, eta nola ez, jauziak aurkituko ditu bere bidean.
Pilotarekin hainbat mugimendu berezi egin ahalko ditugu: bote egin, boloetako pilota pisutsuan transformatu eta bestelako ahalmenak izango ditu Glover protagonistak. Joko xarmagarria izan zen bere garaian, beste plataforma joko batzuen azpitik geratu arren.
Glover apirilaren 20an argitaratuko da Steamen.
Iruzkinak