Wiseguy zalea The Legend of Zelda: Majora’s Mask klasikoaren port-a eratzeko bidea prestatu du, baina joko gehiagotara eramateko asmoa dauka N64: Recompiled proiektuak.

Nintendo 64ko jokoen ROM fitxategiak exekutable arruntetan bilakatzea, posible ote da? Hori da Wiseguy bideojokozaleak N64: Recompiled proiektuak ahalbidetzen duen birkonpilazio estatikoarekin lortu nahi duena: 64 bits-eko kontsolako tituluak modu errazean beste gailuetara eramatea, bide batez ezaugarri berriak inplementatuz.

Magia dirudi, baina dagoeneko lehen adibidea eskaini digu: Zelda 64: Recompiled erremintarekin The Legend of Zelda: Majora’s Masken fitxategia hartuta, Windows, GNU/Linux edo Steam Deck gailuetarako bertsioa segundo gutxi batzuetan sortzea.

N64ko jokoen kodea C hizkuntzara itzultzen du tresna honek, ondoren konpiladorearekin aipatutako sistema eragileek mugitzeko gai izateko. Wiseguyk aipatzen duenez, Valve-k Proton bateragarritasun erremintarekin hartutako bidea jarraitu du: Windowsko jokoak —nagusiki— GNU/Linuxen erabiltzeko bidea eskaintzen digu.

Noski, kodea itzultzeak edo aldatzeak jokoaren izaeran eragina eduki dezake, baina sortzaileak “zehaztasun maila handia” aipatzen du: ez dugu ia desberdintasunik nabariko emulatzaileek erabiltzen dituzten plugin grafikoetatik. Horrela, Link heroiaren Termina lurraldeko abenturan ikusitako testurak, efektuak edo argiztapena mantentzea lortzen du exekutable berriak.

Harbour Masters zaleen taldeak Ocarina of Time-n portarekin egindako antzeko emaitzak ikusiko ditugu, beraz: beste gailuetan natiboki exekutatzeko aukerarekin batera, hobekuntzak eta zuzenketak ere inplementa daitezke. Segundoko irudien tasa (fps) areagotzea, pantaila zabalentzako euskarria, aginteak erabiltzeko bidea, gyro kontrolak… klasikoetan izpien trazadurarekin (ray tracing) jokatzea ere ahalbidetzen du tresna honek.

Une honetan publiko egindako tresnarekin Majora’s Mask soilik bihur dezakegu, baina garatzaileak Superman 64 —agian kontrolak eta kamera hobetuz gero gozatzeko moduko jokoan bihurtzen da azkenik— edo Rocket: Robot on Wheels tituluen portak ere erakutsi ditu.

Launcher sinplearen bitartez abiaraziko ditugu porteatutako jokoak: bertan kontrolak zein doikuntza grafikoak alda daitezke.

Ez hori bakarrik, N64: Recompiled ere erabiltzen has gaitezke, baina ez dago guztiz prest. Joko gutxirekin probatu duela nabarmentzen du sortzaileak, baina etorkizunean Nintendo 64ko liburutegi osoarekin funtzionatzeko gai izatea espero du. Ocarina of Timekin gauza bera egiten ari da une honetan, adibidez.

Oztopo bakarra, baina, “mikrokode pertsonalizatuak” dituzten jokoak izango lirateke. Majora’s Mask da adibideetako bat: honen argiztapenak kode berezia dauka, baina dagoeneko komunitateak ikertutakoa izanik, lana erraztu diote.

Tresna miragarria, beraz, bideojoko klasikoen zaleentzat. Esan bezala, N64: Recompiled proiektuaren lehen aukerak eta emaitzak baino ez ditugu ikusi: tresna publiko eginda, jokalarien komunitateak sortzen dituen portak eta ezaugarriak ikusten hasiko gara laster.