Lehenak otsailaren 17an iritsiko dira. Beranduago, sekula argitaratu gabeko bi bideojoko helduko dira; horien artean, F-Zero joko bat. Jokatzeko kaskoak behar dira.
Nintendok Virtual Boy gailuko hamasei bideojoko berpiztuko ditu. Switch kontsoletako Nintendo Classic zerbitzura iritsiko dira: 3D kaskoen hamasei titulu jasoko ditu.
Frankizia handiak eta pertsonaia ezagunak ikusiko ditugu horietan: Wario bihurria, Tetris partidak edo Shin Megami Tensei / Persona sagetako Jack Frost eta Jack-o-Lantern maitatuak igaro ziren Virtual Boytik.
Otsailaren 17an ikusiko dituzte lehen jokoak Nintendo Switch Online + Expansion Pack-en harpidedunek. Hemen zerrenda:
- Teleroboxer
- Galactic Pinball
- Red Alarm
- Golf
- Virtual Boy Wario Land
- 3-D Tetris
- The Mansion of Innsmouth
Jokatu ahal izateko, harpidetzaz gain, Switch 1 edo Switch 2 kontsolarekin batera erabiltzeko hardware berezia erosi beharko da; Virtual Boy kaskoen bertsio berria, alegia.
Bi modelo desberdin merkaturatuko dituzte japoniarrek. Alde batetik, 80€ balioko dituen VB kaskoen erreplika; bestetik, jokatzeko balioko duten 20€-ko kartoizko betaurreko xumeagoak.
2026a bukatu aurretik beste hainbat joko helduko dira zerbitzura:
- Mario Clash
- Mario Tennis
- Jack Bros
- Space Invaders Virtual Collection
- Virtual Bowling
- Virtual Force
- V-Tetris
Gainera, beste bi bideojoko nabarmendu dituzte Nintendokoek. Kasu oso bereziak dira, ez baitira inoiz kaleratu; are gehiago, bide ez ofizialetatik jokatzea ere ezinezkoa izan da. Lehena F-Zero lasterketa jokoen sagako titulua da; bigarrena, Intelligent Systems taldearen —Fire Emblem sagaren edo Paper Mario-ren arduradunak, besteak beste— lana. Hauek ere aurten estreinatuko dira:
- Zero Racers
- D-Hopper
Ez da antzekoa egiten duten lehen aldia: Super NES Classic Edition gailuarekin 1995. urtean garapena amaitutako, baina argitaratu gabe utzitako Star Fox 2 kaleratu zuten.
Urte berean merkaturatu zen, hain zuzen, Virtual Boy gailua. 3D betaurrekoak porrot hutsa izan ziren Nintendorentzat: guztira 800.000 gailu baino gutxiago saldu omen zituzten, merkatutik desagerrarazi arte.
Otsailaren 17an itzuliko dira Virtual Boy hardwarea eta bere bideojokoak.
Lander Unzueta
Iruzkinak