Bayonetta 3, Kirby and the Forgotten Land, Splatoon 3 eta askoz gehiago bildu zituen atzo gauean. Super Mario Bros-en filmearentzako txokoa ere egin zuten.

Nintendo Direct aurkezpenak indar betetan itzuli dira. Otsailean hartu zuten berriz ekimen ezagun hauek egiteko ohitura, eta 2022an hiru Direct ikusi dituzte zaleek: azkena, gaur goizaldean. Bertan datozen hilabeteetara eta batez ere 2022ra zuzendutako bideo-jokoak erakutsi zituzten Yoshiaki Koizumi garatzaileak aurkeztutako ekimenean, ezusteko pare bat emanda.

Ustekabeko handiena, nola ez, bukaerarako gorde zuten. 2017an PlatinumGames garatzaileak iragarritako Bayonetta 3 desiratua lehen aldiz ikusteko aukera eduki zuten hack and slash abenturen zaleek: existitzen da bai, Nintendokoek ekainean gogoratu behar izan zuten bezala.

Itxura berriarekin, Bayonettak Tokioko kaleetara bidaiatuko du oraingoan aingeru, deabru eta bestelakoen aurka egiteko. Trailerrean mugimendu berriak ikus daitezke, baina esanguratsuenak bere deabru erraldoiei laguntza eskatuta lortutakoak dira: japoniar filmeetako kaiju munstroen borrokak biziko dituzte jokalariek hauekin, ikusgarritasuna bermatuta.

Hideki Kamiya bideo-jokoaren zuzendariak artikulu txiki bat idatzi du estudioaren webgunean Bayonettaren itzulera ospatzeko. “Bayonetta 3 benetakoa da, eta zuen eskuetan izateko eta jokatzeko eguna gero eta gertuago dago!” adierazi du garatzaile ezagunak. “Ez du axola zer nolako aurreikuspenak dituzuen, guzti horiek gainditzea lortuko duen esperientzia eskainiko dugula agintzen dizuet”.

Argitaratze datarik gabe, Bayonetta 3 2022an merkaturatzea aurreikusten du PlatinumGamesek.

Aurkezpeneko beste ezusteetako bat ordu batzuk lehenago filtratu zen Nintendoren web orrialde japoniarrean. Kirby maitagarriak abentura berria biziko du, eta oraingo honetan hiru dimentsioetako jostagarritasuna izango du.

Kirby and the Forgotten Land-en bola arrosak hiri baten hondakinetara bidaiatuko du. Ohi bezala mekanika sinple baina dibertigarriez osatutako abenturako protagonista izango da: kokaleku koloretsuak, arerio dibertigarriak eta Kirbyren botere guztiak ikusiko dira bertan. Super Mario 3D World gogora ekartzen duen jostagarritasuna edukiko du jokoak: kamera finkoa izango dela dirudi, eta mailak gaindituz joan beharko da, bidean etsai nagusi erraldoiekin topo eginez eta era guztietako sekretuak lortuta.

Datorren urteko udaberrira arte itxaron beharko da Kirby and the Forgotten Land Switchean ikusteko.

Urte hasierako Directean iragarri zuten Splatoon 3: Return of the Mammalians; gaurkoan gameplay-a sakontasunean ikusteko aukera egon da. Aurrekoen pausoak jarraituko ditu txipiroien eta olagarroen jokoak, jokalari bakarrarentzako kanpaina eskainita baina multijokalariari garrantzia handia emanda.

Trailerrean arma berriak, etsaiak, kokalekuak eta robot guztiz berriak ikusi daitezke. Hirugarren atala 2022an estreinatuko da Nintendoren kontsola hibridoan.

Switcheko bi joko handienen berritasunak aipatzeko aprobetxatu zuten aurkezpena, baina ezer zehatzik erakutsi gabe. Alde batetik Super Smash Bros. Ultimate borroka jokoaren azken eduki gehigarria dago: zaleek borrokalari berria gaur ikusiko zutela espero zuten, baina Nintendok Masahiro Sakurai zuzendariari emango dio hitza urriaren 5ean: jokoaren azken DLC-a izango dena aurkeztu, eta borrokalariaren mekanika guztiak errepasatuko dira bertan.

Bestetik, iaz estreinatutako Animal Crossing: New Horizons arrakastatsuak ere aurkezpen propioa edukiko duela ezagutzera eman zuten Nintendokoek. Zaleak eduki gehiagoren zain daude aspalditik, haserre egoteraino, eta aurrerapen trailerrean kafetegia itzuliko dela ikus daiteke, berritasun modura. Prestatzen ari diren DLC guztien xehetasunak azaroaren emango dituzte garatzaileek Animal Crossing: New Horizons Direct aurkezpenean.

Hainbatetan filtratutako Castlevania Advance Collection bilduma ezagutzera eman zuen azkenean Konami-k. Circle of the Moon, Harmony of Dissonance, Aria of Sorrow eta Dracula X batu ditu dagoeneko estreinatu den obra honek. Switchean egoteaz gain PC, PS5, PS4, Xbox Series eta Xbox One plataformetan ere kaleratu dute japoniarrek.

Actraiser bueltan da gaur bertan iragarri eta merkaturatutako Renaissance remakearekin, Triangle Strategy JRPG ederra martxoaren 4an kaleratuko da, Hyrule Warriors Age of Calamity-k expansion pass-eko eduki gehigarriak jasoko ditu urriaren 29an, Dying Light 1 eta 2 helduko dira Switchera jatorrizko Star Wars: Knights of the Old Republic klasikoarekin batera, Mario Golf Super Rush-ek doako eduki gehigarriak jaso ditu gaur eta Chocobo GP Final Fantasy frankiziaren lasterketa joko klasikoaren jarraipena izango da. Disco Elysium – The Final Cut bikaina urriaren 12an estreinatuko da kontsola hibridoan.

Urriaren 8an Mercury Steam garatzaileak kaleratuko duen Metroid Dread apartarentzako lekua ere egin zuten aurkezpenean trailer batekin. Samus Aran ehiztariaren bosgarren abentura izango denaren zain daude mundu osoko metroidvaniazaleak.

Mario Party Superstars frankiziaren erroetara itzuliko da sagako lehen jokoen remake antzeko bat eratuta. Minijokoen artean Survival joko mota nabarmendu zuten: jokalariek ahal bezain beste iraun beharko dute minijokoak gainditzen irabazteko. Hiru taula berri iragarri zituzten gainera, lehen Mario Partytik ateratakoak. Urriaren 29an argitaratuko da, eta oraingoan bai, online multijokalaria edukiko du.

Monster Hunter Rise arrakastatsuarekin lanean jarraitzen dute Capcom-eko garatzaileek. Monster Hunter Rise – Sunbreak espantsioa erraldoia izango dela agindu dute, era guztietako berritasunak gehituta. Datorren urteko udarako prest edukiko dutela diote, eta gaueko iluntasunean pizti berriak akatu beharko direla dirudi.

 

Nintendo 64 eta Mega Drive, berpiztuta

Zurrumurruak ohikoak izaten dira Direct handi bat heltzear dagoenean, eta azken asteetan aginte berri bati buruzkoak irakurri ohi izan dira sarean. Benetakoak izan direla dirudi, Nintendo 64 kontsolako aginte eraberritua aurkeztu baizuten japoniarrek. Ez da aginte “berri” bakarra, baina: Sega Mega Drive-ko mandoa ere edukiko du Switchak. Biek haririk gabe funtzionatuko dute, Nintendo Switch Online zerbitzuko harpidedunek soilik erosi ahalko dituzte.

Harpidetza zerbitzua aipatuta, aginte hauek bertan gehituko dituzten jokoetara aritzeko zuzenduta egongo dira. Izan ere NSO zerbitzuak Nintendo 64ko eta Mega Driveko bideo-jokoak jasoko ditu urria bukatu baino lehen. Super Mario 64, The Legend of Zelda: Ocarina of Time, Star Fox 64, Sonic the Hedgehog 2, Golden Axe eta askoz gehiago egongo dira horien artean, eta etorkizunean eskaintza zabaltzen joango dira, NES eta SNES kontsoletako jokoekin egin bezala.

Mario Kart 64 bezalako jokoen kasuan tokiko multijokalariarekin batera sare bidezkoa ere gehituko dute, berritasun benetan interesgarria.

Berri txarrak datoz halere. Bideo-joko berri hauek ez dira ohiko harpidetzaren barnean egongo: Expansion Pack deitutako maila berria sortu dute, eta hortaz pixkat gehiago ordaindu beharko da N64ko eta Mega Driveko jokoetara Switchean jokatzeko.

 

Mario berriz ere zinemetan

Ezustekorik handiena Shigeru Miyamoto agertu zenean hartuko zuten bideo-jokozaleek ziur asko. Marioren eta Zeldaren sortzailea ez da halako aurkezpenetan agertzen, eta beraz zerbait handia iragartzea espero zen. Bai eta ez.

Dagoeneko baieztatutako Super Mario Brosen filmeari buruz hitz egiteko agertu zen garatzaile ezaguna. Trailerrik erakutsi gabe, 2022ko gabonetan estreinatuko da Illumination animazio estudioarekin elkarlanean prestatzen ari diren lana.

Protagonisten ahotsak jarriko dituzten aktoreen izenak aipatu zituen Miyamotok: Chris Pratt izango da Mario, Charlie Day Luigin bihurtuko da, Jack Black ezaguna Bowserren, Anya Taylor-Joy Peach printzesa izango da, Seth Rogen Donkey Kong eta Keegan-Michael Key berriz, Toad. Garatzailea ez zen ahaztu Super Mario 64tik Mario eta beste hainbat pertsonairen ahotsa jarri duen Charles Martinet aktorearekin: hainbat paper labur egingo dituela ziurtatu zuen.

Nintendo Direct osoa ikusi nahi baduzu, jarraian duzu bideoa: