40 bat minututan 2022ko lehen seihilabeteko obrak errepasatuko dituzte N Handikoek.
Nintendo Direct berriaren zain zeuden enpresa japoniarraren zaleak, eta azkenean iragarri dute Kiotokoek. Bihar bertan egingo dute; nola ez, Nintendo Switch kontsola hibridoko jokoei buruzkoa izango da.
Zehazki, 2022ko lehen seihilabetean estreinatuko diren bideo-jokoak izango dira aurkezpen digitaleko protagonistak. Hortaz, Kirby and the Forgotten Land bertan izango dela aurreikusi daiteke, baina baita bestelako ezustekoak ere: Advance Wars 1+2: Re-Boot Camp aurten argitaratzea aurreikusten dute Kiotokoek, esate baterako.
Are gehiago, enpresako frankizia nagusien sorta luzea garatzen ari da une honetan: The Legend of Zelda Breath of the Wild-en jarraipena, Bayonetta 3, Splatoon 3 zein Mario + Rabbids Sparks of Hope 2022an kaleratuko dituztela adierazi dute azken finantza txostenean. Ez dago argi lehen seihilabeterako prestatzen dabiltzan, beraz ikusteko dago ea hauetakoren bat azalduko den biharko aurkezpenean.
23:00etan hasiko dute bihar zuzenekoa; beti bezala, Nintendokoen Youtube-ko kanaletatik zabalduko dute:
Iruzkinak