Warioware Move It, Detective Pikachu Returns eta Star Ocean The Second Story R ere estreinatuko dira Switch kontsolan.

Nintendokoek dozenaka bideojoko ezagutzera eman dituzte udako Direct aurkezpenean. Atzo gure blogean aipatutako Super Mario Bros. Wonder eta Super Mario RPG-ren berregitea titulurik esanguratsuenak dira, baina ez dira Nintendoren joko berri bakarrak: Pikmin 4 —eta Pikmin 1+2!—, Batman Arkham Trilogy zein Vampire Survivors aurkeztu dituzte.

Iturginaren unibertsoko joko gehiago ere ikusi ditugu: Peach printzesa protagonistatzat edukiko duen abentura berria erakutsi dute, izenbururik edo argitalpen datarik aipatu gabe. Horrez gain, Nintendo 3DS-ko Luigi’s Mansion: Dark Moon bermasterizatuko dute Switcherako.

Iturginaren jokoez gain Detective Pikachu, Star Ocean edo Warioware bezalako klasikoen atal berriak eta Penny’s Big Breakaway bezalako IP ezezagun interesgarriak aurkeztu dituzte Nintendokoek. Goazen esanguratsuenen errepasoa egitera!

 

Pikmin 4 (eta Pikmin 1+2)

Uztailaren 21ean kaleratuko den Pikmin 4ri azken begirada emateko aprobetxatu dute Nintendokoek. Gutxi gora behera aurkituko duguna ezaguna da iragarpenak jarraitu dituztenentzat, baina gune eta erronka berriak erakutsi dituzte. Gainera, Pikmin mota berria ere egongo da: Pikmin distiratsua. Berde koloreko izaki distiratsuekin iluntasunean barneratuko gara lehenengoz.

Gaur bertan pikminzaleek beste ezusteko bat jaso dute, gainera: Pikmin originalen HD bertsioak estreinatu dituzte Switchean. Pikmin 1+2 digitalki eskura daiteke dagoeneko, baina bertsio fisikoa edukiko dute irailaren 22an.

 

Peachen bideojoko berria

Xehetasun askorik eman gabe, baina jokagarritasun pixkat erakutsita iragarri dute Peach printzesaren bideojoko berria. Hiru dimentsiotako abentura izango da, baina scroll horizontalarekin —sakoneran ere mugi daitekeen arren—.

Ez dakigu izenik, baina 2024rako prest eduki nahi dute.

 

Batman Arkham Trilogy

Rocksteady Studios taldeak komikien munduko zaldun ilunaren unibertsoan girotutako bideojokorik onenak sortu zituen, eta hiru nagusiak batzen dituen bilduma iritsiko da orain Switchera. Batman Arkham Asylum, Arkham City eta Arkham Knight ikaragarriak elkartuko ditu Arkham Trilogyk.

Beti bezala, Warnes Bros. Games Montreal taldearen Arkham Origins kanpoan geratu da, baina ez da beharrezkoa sekulako bilduma osatzeko. Udazkenean merkaturatuko dute kontsola hibridoan.

 

Vampire Survivors

Poncle sortzailearen obra iazko ustekabekorik handienetakoa izan zen. Ordenagailuetatik, gailu mugikorretatik eta Xbox kontsoletatik igaro ondoren, Switchean jokatzeko txanda iritsi da orain.

Ezagutzen ez baduzu, roguelike mekanikak ardatz dituen azpigenero guztiz berria eratzen du jokoak: ehundaka arerio akatzen ibiliko gara ordu erdiko partidetan, eta hori lortzeko ezinbestekoa da gure pertsonaia mailaz igota hobetzen joatea.

Switcheko bertsioa, gainera, berritasun nabarmenarekin argitaratuko da abuztuaren 17an: lau jokalarirentzako tokiko multijokalaria. Gainerako bertsioek ere jasoko dute modalitate berria.

 

Metal Gear Solid Master Collection Volume 1

PlayStation Showcase aurkezpenean ezagutu genuen Metal Gear Solid klasikoen bilduma berria, baina Solid Snake-k —zein bere aita Big Boss-ek— Nintendo Directetik pasatzea ere erabaki dute Switch-era iritsiko direla baieztatzeko.

Metal Gear Solid 1, Metal Gear Solid 2: Sons of Liberty, Metal Gear Solid 3: Snake Eater —azken bien HD bertsioekin—, zein Metal Gear 1 eta 2 originalak —hauen NES kontsolako bertsioekin— batuko ditu bildumak, baita soinu bandak, komikiak eta artelanak ere. Urriaren 24an kaleratuko du Konami-k.

 

Pokémon Scarlet eta Violet: The Hidden Treasure of Area Zero

Dagoeneko ezagutzen genituen Pokémon Scarleten eta Violeten espantsioen irudi berriak eskaini dituzte Game Freak-ekoek. The Hidden Treasure of Area Zero bi eduki gehigarritan banatuta egongo da.

The Teal Mask izeneko lehenenagoan Mossui herrixka bisitatuko dugu; udazkenean argitaratuko dute. Bigarren The Indigo Disk DLC-an, berriz, Terarium Dome ikastetxera joango gara; neguan bisitatu ahal izango dugu.

 

Detective Pikachu Returns

Pikachu detektibea ere bueltan ikusiko dugu Detective Pikachu Returnsen. Pokémonez betetako ikerketak izango dira ardatza, baita kafea ere! Abentura berriak biziko ditugula alboratuta, ez dute jokagarritasunari buruzko xehetasun handirik eskaini.

Hori bai, uda ostean estreinatuko dutela dakigu: zehazki, urriaren 6an.

 

Warioware Move It

Warioware titulu berriaz gozatzeko aukera izango dugu azaroaren 3an. Move Iten, izenak dioen bezala, mugitzen ariko gara: Joy-Con aginteak hartuta mikrojoko bakoitzak agintzen digun mugimendua gauzatu beharko dugu.

Erokeriak, algarak eta Nintendoren bideojoko klasikoei egindako keinu mordoa ikusiko ditugu Wario baldarraren jokoan.

 

Mario Kart 8 Deluxe – Booster Course Pass Wave 5

Mario Kart 8 Deluxe beteranoaren zirkuitu berriak ezagutzen jarraitu dugu Directean. Booster Course Pass DLC erraldoiaren bosgarren sortak Squeaky Clean Sprint izeneko zirkuitu guztiz berria ekarriko du: etxe erraldoiko bainugelan girotuko da.

Gainera, oraingoan pertsonaia bakarra barik, hiru gaineratuko dituzte: Wriggler, Kamek eta Petey Piranha. Udan helduko dira; bakarka eskuratu zein Nintendo Switch Online + Expansion Pack harpidetzarekin lor daitezke.

 

Star Ocean The Second Story R

Star Ocean JRPG abenturen saga bueltan da —The Divine Force iaz estreinatu zen arren— bigarren jokoa osorik berregingo duen remake-arekin. The Second Story R-ek sprite-z osatutako pertsonaiak hiru dimentsioko mundura eramango ditu.

Borroka dinamikoak eta gidoi sakona uztartuko ditu Square-Enix estudioaren tituluak: Claude eta Rena protagonisten artean hautatu ostean, fantasia zein zientzia fizkioa batuko dituen abentura epikoan murgilduko gara azaroaren 2an.

 

Dragon Quest Monsters The Dark Prince

JRPG jokoekin jarraituz, Dragon Quest mitikoaren unibertsoa Pokémon bezalako piztien ehiza jokoekin elkartzen dituen Dragon Quest Monster azpisagaren atal berria iragarri zuten Squarekoek: The Dark Prince.

Akira Toriyama mangakak diseinatutako munstroak harrapatzen eta hauekin borrokatzen ariko gara. Esploratzeko mundu ireki zabala ere edukiko dugula dirudi. Abenduaren 1ean abiatuko dugu Monsters saga maitatuaren abentura berria.

 

Penny’s Big Breakaway

Sonic Mania bikainaren garatzaileek eratutako Evening Star estudioaren lehen bideojokoa dugu Penny’s Big Breakway. Hiru dimentsioko plataforma joko koloretsua eta bizia da: Penny protagonistarekin eta bere yo-yo magikoarekin saltoka, itzulipurdika nahiz erasoka ariko gara.

32 bit-en belaunaldiko 3D plataforma abentura gogora ekartzen ditu, bai jokagarritasun arloan, bai estetikan. Jokatzeko itxarton egin beharko dugu, zoritxarrez: 2024 hasieran kalerateko asmoa agertu dute arduradunek.

 

Luigi’s Mansion: Dark Moon

Marioren anaiarentzako tokia ere egon zen zuzenekoan. Luigi Super Mario Bros. Wonderreko pertsonaietako bat izango da, baina Luigi’s Mansion batekin ere itzuliko da; ez da atal berria izango, halere.

Nintendo 3DS kontsolan 2013an kaleratutako Dark Moon bigarren atalaren bermasterizazioa izango da Switchera iritsiko dena. Datorren urterako prest edukiko dute Kiotokoek.

 

Sonic Superstars

Bi dimentsioko plataforma abentura nagusia Marioren Wonder izan bazen ere, Sonic Superstarsek sekulako itxura daukala erakutsi digu berriz Directean. 2.5D jokoak Sonicen jokagarritasun klasikoa mantenduko du, baina multijokalaria gehituta: Sonic, Tails, Knuckles nahiz Amy kontrolatuko ditugu.

Udazkenean helduko da Switchera zein gainerako plataforma nagusietara.

Zerrenda luzea laburtu dugu artikuluan, baina askoz bideojoko gehiago iragarri dituzte aurkezpenean. Nola ez, Game Erauntsiatik Nintendo Directa zuzenean jarraitu dugu gure Twitch katean. Erreakzioak ikusi nahi badituzue, hemen duzue bideoa!