Lehena bi dimentsioko abentura klasiko bezain modernoa izango da. Bigarrena, berriz, 1996ko jokoaren berregitea da.

Udako Nintendo Directa espero genuen aspalditik. N handikoek atzo iragarri, eta gaur burutu dute: Mario iturgina izan da erabateko protagonista aurkezpenean. Ez da harritzekoa, duela gutxi estreinatutako filmearen arrakasta jarraitu nahi dute-eta. Hori horrela, Super Mario Bros. Wonder eta Super Mario RPG klasikoaren bermasterizazioa iragarri dituzte, besteak beste.

Super Mario 2D baten zurrumurruak entzun ditugu azken egunotan, eta azkenean egiazkoak izan dira. Plataforma joko klasikoen jokagarritasuna mekanika berriekin zein zoroekin uztartuko du Super Mario Bros. Wonder itxurosoak: New Super Mario Bros sagaren atal grafikoa nahiz estetika gogora ekarrita, baina aldaketa nabarmenekin dator abentura berria.

Orain arteko Mario 2D berezienetakoa izango dela erakutsi dute iragarpen bideoarekin. Botere bitxi bati esker kokalekuak itxuraldatuko eta eraldatuko ditugu: hodiak dantzan eta mugitzen hasiko dira, gure forma aldatuko da —baita etsaiena ere—, eta, orokorrean, guneak zabalduko ditu.

Nola ez, tokiko multijokalaria ere proposatuko ditu Wonderrek; oraingoan, baina, pertsonaia berriak ikusiko ditugu. Ohiko Mario, Luigi, Peach eta Toad laukoteari Daisy printzesa gehituko zaio. Yoshi ere hautagaietako bat da, baina ez dute zehaztu: bere gainean ibil gaitezke gainerako pertsonaiekin, baina une batean hau bakarrik kontrolatzeko aukera ere egon daitekeela dirudi.

Transformazio berriak ere badaude: une batean Mario elefante antropomorfiko erraldoiean bilakatzen da. Ikustekoa da ea animalietan oinarritutako botere gehiago egongo diren.

Onena? Laster joka dezakegula: Super Mario Bros. Wonder urriaren 20an kaleratuko dute.

 

Txandakako borrokak eta pertsonaia xarmagarriak

Super Mario RPGren kasuan, Nintendok eta Squaresoft-ek 1996an elkarlanean argitaratutako klasikoaren berregitea dugu. Diseinuak eta estetika mantenduz, baina hiru dimentsiotan biziko ditugu txandakako borrokak eta esplorazioa.

Mariorekin batera Peach, Bowser, Geno eta Mallow egongo dira. Ez dirudi aldaketa askorik ikusiko ditugunik: bideojoko originalaren zaleek gozatzeko egindako abentura dirudi, baina aldi berean jokalari berrientzat erakargarriagoa eginda.

Super Mario RPG urte bukaeran estreinatuko da: zehazki, azaroaren 17an iritsiko da Switchera.