Game Boy eta Game Boy Advance eramangarrietako tituluak Switch-era iritsi dira NSO harpidetzen bidez.

Otsaileko Nintendo Directa igaro da. Urtero bezala, hainbat opari utzi dizkigu; zaleen iritziak denetarikoak izan badira ere, titulu interesgarriak bildu ditu gaueko zuzenekoak. Nabarmentzekoa da, bai ala bai, Retro Studios-en Metroid Prime maisulanaren birmasterizazioa. The Legend of Zelda: Tears of the Kingdomen xehetasun gehiago ikusi ditugu gainera —ez nahi bezainbeste—, baita Pikmin 4 desiratuaren argitaratze data jaso ere.

Ez gara askorik luzatuko, goazen atzo gauean aurkeztutako bideojokorik esanguratsuenenak errepasatzera:

 

Metroid Prime Remastered

Zenbat urte Samus Aran espazioko ehiztariaren lehen 3D abenturaren birmasterizazioari buruz entzuten, eta, hala ere, ikaragarrizko ezustekoa eman ziguten Retro Studiosekoek. Metroid Prime Remastered iragarri, eta denborarik galdu gabe dagoeneko kaleratu dute estatubatuarrek.

Atal teknikoan egindako aldaketak benetan nabarmenak dira: nola gogoratzen dugu bideojoko originala? Ba horrela ikusten da birmasterizazioa; nahiz eta elkar alderatu gabe desberdintasun gutxi daudela dirudien, grafikoak zeharo desberdinak dira. Argiztapena, modeloak, testurak eta shader-ak hobetu dituzte Samusen abentura honetarako.

Ez hori bakarrik: aginte eskeman eraberritze garrantzitsuak —kamera eskuineko stick-arekin mugi dezakegu behingoz— zein Trilogy bertsioan gehitutako aldaketetako batzuk gaineratu dituzte birmasterizazioan. Osorik jokatzea faltan, lan duina egin dutela esan daiteke.

Aipatu modura, dagoeneko kaleratu dute: 39,99 euroko preziora, gainera. Momentuz digitalean soilik eskura daiteke; halaber, bertsio fisikoa ere agindu dute. Martxoaren 3an erosi ahalko da kartutxoa.

 

The Legend of Zelda: Tears of the Kingdom

Azken trailer ikusgarria espero genuen maiatzean argitaratu behar duten Zeldarentzat —ez dute datarik aldatu, zorionez—, baina ez da horrela izan. Xehetasun gutxi batzuk gehiago eskaintzen dituen bideoa jaso dugu; hala eta guztiz ere, informazio interesgarria lor daiteke bertatik.

Zerutik sakabanatutako irlek osatutako mundua berriz ikus daiteke: itxura batean dirudiena baino handiagoa izango da, bloke batzuk ia ikusezinak baitira zeruan. Lurrazalean dorre antzeko berriak daude; itxura batean, horien bitartez igoko gara hodei artera.

Ibilgailuak ere ikusi ditugu: auto moduko bat nahiz planeagailua. Itxura modularra daukate, eta ondo begiratuz gero, zatika sortuta daudela egiaztatuko dugu; izan ere, itsasgarri antzeko batekin lotuta dituzte pieza desberdinak. Linkek une batean autoaren gurpila uretatik ateratzen du, gainera, beraz muntaketa prozesua egongo dela suposa daiteke. Beste elementu batzuetan ere ikus daiteke itsasgarri berbera: adibidez, zeruan globoei esker flotatzen dabiltzan plataformetan.

Etsai zein arma mota berriak ere azaldu dira trailerrean. Bokoblin edo moblin eraberrituez gain, izaki guztiz ezezagunak ikusi ditugu. Harrigarriena, urrunean ikus daitekeen hainbat buruko herensugea. Armen alorrean ere berritasun interesgarriak egongo direla dirudi.

Tears of the Kingdom maiatzaren 12an estreinatuko da.

 

Pikmin 4

Izaki ñimiñoen laugarren bideojokoa joan den irailean aurkeztu ondoren, lehen jokagarritasun bideoa nahiz argitalpen data eskaini dituzte Nintendokoek: uztailaren 21ean merkaturatuko dute Pikmin 4.

Jokagarritasun trailerrean ohiko mekanikak ikus ditzakegu. Pikminak sortu eta batu, eta hauen abilezia bereziak erabilita altxorrak —estralurtarrentzat, behintzat— biltzen ariko gara.

Berritasunen artean, nabarmentzekoa da txakur itxurako izakiaren agerpena: honi esker uretatik nabiga dezakegu, baita Pikminekin batera azkarrago bidaiatu ere, besteak beste.

Mundu koloretsu eta harrigarria esploratu beharko da berriz, orduan; ziegak ere itzuliko direla aditzera eman dute garatzaileek.

 

Game Boy eta Game Boy Advance, NSO-ra

Jokalari guztiek espero zuten ezaugarria iragarri dute azkenik Nintendokoek. NES, SNES eta Nintendo 64 kontsoletako jokoak —tira, Sega Mega Drive-koak ere bai— emulatzaile bidez Nintendo Switch Online harpidetza desberdinetan eskainita, kontsola eramangarrien txanda heldu da: Game Boyko zein Game Boy Advanceko jokoak dagoeneko eskuragarri daude Switchean.

Lehenik eta behin, Game Boyko bideojokoen zerrenda dugu. Hauek Nintendo Switch Online harpidetza “arruntean” joka daitezke:

  • Tetris
  • Super Mario Land 2
  • The Legend of Zelda: Link’s Awakening DX
  • Gargoyle’s Quest
  • Game & Watch Gallery 3
  • Alone in the Dark: The New Nightmare
  • Metroid II: Return of Samus
  • Wario Land 3
  • Kirby’s Dream Land

Bigarrenik, Game Boy Advancekoen jokoak datoz. Hauek, zoritxarrez, Expansion Pack harpidetzan gehitu dituzte:

  • Super Mario Advance 4: Super Mario Bros. 3
  • Wario Ware, Inc.
  • Kuru Kuru Kururin
  • Mario Kart Super Circuit
  • Mario & Luigi: Superstar Saga
  • The Legend of Zelda: Minish Cap

Zerrenda txikiak bi kontsolok dituzten katalogo zabalerako. Hala ere, etorkizunean are titulu gehiago gaineratuko dituztela agindu dute japoniarrek. Horien artean egongo dira The Legend of Zelda: Oracle of Ages/Seasons, Metroid Fusion, Fire Emblem eta Golden Sun maisulanak.

 

Advance Wars 1+2: Re-Boot Camp

Lehen bi Advance Warsen berregitea aspaldi kaleratu behar zen, baina Ukrainako gerraren ondorioz berandutzea erabaki zuten Nintendokoek. WayForward Technologies estudioak garatutako lanak kaleratze data dauka azkenik, baina. Advance Wars 1+2: Re-Boot Camp apirilaren 21ean estreinatuko da.

Atal grafiko zeharo zaharberrituarekin, joko originalen mekanika berberak mantenduko ditu. Hau da, txandakako estrategia jokoaren aurrean gaude: baseak kontrolatu, armadak sortu eta mapan kokatuko ditugu modu erangikorrenean batailak irabazi ahal izateko.

Jatorrizko lanen edukiak areagotu egingo dituzte: mapak sortzeko eta partekatzeko aukera nabarmendu dute trailerrean.

 

Katamari, Ghost Trick, Professor Layton, Splatoon 3, Fire Emblem Engage eta askoz gehiago

Nintendokoek titulu nagusiak errepasatu ditugu, baina Directak askoz eduki gehiago bildu zituen atzo gauean. Katamari Damacy-ren bigarren atalak, We Love Katamarik, Reroll birmasterizazioa jasoko du, esate baterako, eta ekainaren 2an argitaratuko da.

Remasterrekin jarraituz, Nintendo DS-ko Ghost Trick: Phantom Detective maitatua ere iragarri da: Switchean zein gainerako kontsoletan eta PC-an kaleratuko du Capcom-ek uda honetan.

Gamecube kontsolako Baten Kaitos ahaztuak berriz ikusi genituen. Baten Kaitos I & II HD Remaster itxurosoak bi JRPG bereziak batuko ditu joko bakarrean udan.

Level 5 estudio japoniarra bi bideojokorekin animatu zen zuzenekora. Alde batetik, Professor Layton puzzlezalearen atal berria iragarri zuten: Professor Layton and The New World of Steam. Bestetik, Deca Police deitutako JRPG berezia aurkeztu zuten: 2023an ikerketak eta borrokak modu itxurosoan uztartuko dituela ageri da bideoan.

Spike Chunsoft estudiokoek ere agerpentxoa egin zuten Master Detective Archives: Rain Code iragartzeko. Danganronpa frankiziaren arduradunek berriz ikerketak eta misterioak ardatz dituen obra garatuko dute udaberri honetan kaleratzeko.

Kirby’s Return to Dreamland Deluxe hilabete bukaeran estreinatuko bada ere, iragarri gabeko xehetasunak ezagutera emateko aprobetxatu zuten Hal Laboratory-koek. Magolor Epilogue deitutako azpijokoa desblokeatuko dugu behin abentura nagusia gaindituta. Bertan Magolorren rola hartuko dugu —nahi izanez gero, beste hiru lagunekin batera—: abentura txiki honetan protagonistaren botereak berreskuratzen joango gara gune misteriotsua esploratzen dugun bitartean.

Horrez gain, Merry Magoland izeneko minijokoen jaialdia ere edukiko du Wii-ko bideojokoaren berregiteak. Lau jokalarik denetariko probez goza dezakete modalitate honetan. Return to Dreamland Deluxe otsailaren 24an estreinatuko da.

Directeko iragarpen garrantzitsuenekin bukatzeko, eduki gehigarriak aipatu behar ditugu. Splatoon 3-k Expansion Pass-a jasoko du: lehenengo ataleko Inkopolis bisitatu ahalko dugu bertan, eta bigarren DLC-ak Side Order deitutako jokalari bakarrarentzako kanpaina aurkeztuko du.

Fire Emblem Engage-k heroi berriak jasoko ditu eraztunen bidez: Hector, Soren, Camilla zein Chrom eta Robin ikusiko ditugu, besteak beste.

Mario Kart 8 Deluxe-n zirkuitu guztiz berria erakutsi zuten, baita: Booster Course Pass-aren laugarren edukien artean Yoshi’s Island pista nabarmendu dute. Super Mario World 2-n girotutako gune koloretsua izango da, jatorrizko jokoaren abestia eta guzti.

Aipatutakoak dira Nintendo Directean ikusi ditugun obrarik garrantzitsuenak. Hala ere, beste hainbat erakutsi zituzten N Handikoek. Ezagutzeko, jarraian duzue atzoko Direct osoaren bideoa: