Super Mario Bros. iturginaren 40. urteurrenean izango da. Ordubeteko iraupena edukiko du.

Nintendok bideojokoen aurkezpena iragarri du etzirako: Nintendo Direct emanaldian Switch kontsoletan etorkizunean estreinatuko diren tituluak erakustea espero da.

15:00etan hasiko dute zuzenekoa, eta ordubete iraungo du; ohi bezala, N handiaren YouTube kate desberdinetatik jarraitu ahalko da. Egun bitxia da japoniarrentzat, ez baitute halako aurkezpenik antolatzen ostiraletan.

Zergatia, baina, bere maskotarik ezagunena izan daiteke. Super Mario iturginak 40 urte beteko ditu irailaren 13an; hortaz, aurkezpena ordu batzuk lehenago baino ez dute egingo Japonian. Bideojoko berriren bat ezagutzeko aukera dago, beraz; bestela, agian animazio filmearen bigarren atalari lotutako zerbait ikus dezakegu.

Switch gailuetarako dagoeneko iragarritako tituluak ere bertatik igarotzea espero da, noski. Metroid Prime 4 da desiratuena: Samus Aran-en hurrengo joko handia aurten estreinatu behar da, baina oraindik ez dauka kaleratze datarik.

Kirby Air Riders ere berriro ikus dezakegu: Direct berezia eduki zuen Masahiro Sakurai zuzendariarekin, baina azaroaren 20an merkaturatuko denez, oraindik berriz ikusteko aukerak daude. Pokémon Legends: Z-A urriaren 26an estreinatuko da, eta Hyrule Warriors: Age of Imprisonment negurako espero da. GameCube eta gainerako retro kontsoletarako joko berriak ikusteko eszenatoki egokia dugu, gainera.

Badaukagu zer itxaron, beraz, irailaren 12ko Nintendo Direct aurkezpenean. Esan bezala, 15:00etan hasiko da.