Hirugarrenen enpresen Switch kontsoletarako bideojokoak izango dira protagonista 30 minutuko emanaldian.
Nintendok hurrengo Direct aurkezpenari eguna jarri dio. Bihar arratsaldean eskainiko du Nintendo Direct: Partner Showcase.
15:00etan hasiko da zuzenekoa; aurreratu dutenez, ordu erdiko iraupena edukiko du. Azpitituluak adierazi bezalaxe, hirugarrenen garatzaileei, taldeei eta enpresei zuzendutako emanaldi berezia izango da.
Zurrumurruak nagusi dira berriro. FromSoftware-n The Duskbloods soulslike abentura agertzea espero da, aurten estreinatuko baita; talde berak Elden Ring: Tarnished Editon ere kaleratuko du, nahiz eta berandutzeko erabakia hartu zuen. Hilabete bukaeran Switch 2an —besteak beste— ikusiko dugun Resident Evil Requiem ager daiteke, baita Pragmata ere.
Argi dagoena zera da: ez dela Nintendoren etxeko bideojokorik egongo. Zaleak tristetuta utzi ditu, urte honetarako saga handien atal berriak ikusteko gogotsu baitaude asko; hain zuzen, Mario iturginaren 40. urteurrena ospatzeko bideojoko berria espero da.
Esandakoa: bihar 15:00etan ikusiko dugu Partner Showcase berria.
Lander Unzueta
Iruzkinak