Koloniako bideojokoen ekimen handira itzuliko da, iaz parte hartzeari uko egin ondoren. Nintendo Switch 2 kontsolaren berritasunak eramatea espero da.

Europako bideojokoen azokarik handienean parte hartuko duela baieztatu du Nintendok: Gamescom ekimenaren 2025eko jardunaldian egongo da.

“Markatu gorriz zuon egutegian” adierazi du N handiak sare sozialetan, “Nintendo Gamescom 2025era itzuliko da. Kolonian abuztuaren 20tik 24ra bitartean ongietorria eman nahi dizuegu”. Antzeko mezua ekarri digu, nola ez, Geoff Keighley kazetariak.

Jazoera garrantzitsua da; izan ere, japoniarrak ez ziren Alemaniatik igaro pasa den urtean. Ez dute aurtengo parte hartzearen xehetasun gehiagorik eman: hortaz, ez dakigu dagoeneko merkaturatutako gailuekin eta ekoizpenekin joango diren, edo zerbait berria aurkezteko aprobetxatuko duten.

Hilabete pare bat lehenago —eta bi aste barru!— estreinatuko da, hain zuzen ere, Nintendoren kontsola berria: Nintendo Switch 2 hibridoa ekainaren 5ean iritsiko da nazioarteko saltokietara zein etxeetara. Gailu berriak Gamescomean ikaragarrizko presentzia edukitzea espero da, beraz.

Gauza bera gertatzen da bere jokoekin. Nintendok Mario Kart World nahiz Donkey Kong Bananza kaleratuko ditu, esklusiboki, gailu berriarentzat, baina Metroid Prime 4: Beyond edo Pokémon Legends: Z-A jasoko ditugu bai Switch 2an, bai Switch originalean. Horiez gain, datorren kontsolarentzako bideojoko zaharren hobetutako bertsioak kaleratuko dira; kasu batzuetan, ordainpekoak, eta, beste zenbaitetan, doakoak.

Gamescom 2025 Opening Night Live aurkezpenarekin abiatuko da abuztuaren 19an. Hurrengo egunean irekiko ditu bere ateak azoka erraldoiak, bideojokoen munduko adituak zein zaleak bilduta abuztuaren 24ra arte.