Jarraitzaileek N handiaren aduanetako erregistroak lortu dituzte. DLSS teknologia erabiltzeko aukera aipatzen dute.

Nintendo Switch-aren oinordekoari buruzko datu gehiago zabaldu dira sarean. Famiboards foroko erabiltzaile talde batek jakitera eman duenez, N handiaren hurrengo kontsolak 12 GB RAM eta 256 GBeko biltegiratzea edukiko lituzke.

RAM memoriak 7500 MT/s-ko abiadura izango luke. Are garrantzitsuagoa da, agian, txip berria: Nvidia-rekin berriz elkartu direla aldarrikatzen dute zaleek, T239 prozesadorea prestatuz. Honen berezitasunen artean Nvidiaren 48 tensor core mikroprozesadoreak nabarmendu behar dira 1536 CUDA nukleoekin eta 12 RT nukleoekin batera; izan ere, DLSS teknologia erabiltzeko aukera eskainiko lioke kontsola berriari.

Hori horrela, bereizmen murriztuagoetatik adimen artifiziala erabilita gaineskalatzeko aukera edukiko luke Switcharen oinordekoak: adibidez, jokoa 720p-ko bereizmenean mugitu arren, hau 1080p-an erakustea, kalitatea areagotuz baina DLSSaren ezaugarriei esker errendimendua mantenduz.

 

Kontsola handiagoa

Kontsolaren dimentsioak ere aipatzen dituzte filtrazioan: 206mm x 115mm x 14mm. Switch originala baino nabarmen handiagoa izango litzateke (173mm [239mm joycon-ekin] x 102mm x 13.9mm), Bloomberg-ek aspaldi adierazitako zortzi hazbeteko pantaila posible eginez.

Datuen zerrenda luzean online multijokalari tituluetan ibiltzen direnek benetan eskertuko duten ezaugarri berria ere aipatzen da: mikrofonoa. Switchak gailu mugikorrak eta Nintendo Switch Online aplikazioa erabili behar ditu ahots txata ahalbidetzeko, beraz prozesua zeharo erraztuko luke kontsola barneko mikrofonoak.

Nola ezagutu dituzte zehaztapenok? Dirudienez, hainbat hilabete damaratzate Nintendoren esportazioak eta inportazioak jarraitzen, aduanetako erregistroak lortuta. Hortik informazio esanguratsua eskuratzea lortu dute; dena den, argi dago oraindik ez dagoela ezer baieztatuta.

Shuntaro Furukawa Nintendoko presidenteak “Switch-aren oinordekoa aurtengo zerga urtean aurkeztuko” dutela iragarri du asteon argitaratutako finantza txostenaren bileran. Hainbat iturriren arabera, kontsola 2025eko lehen hiruhilekoan merkaturatuko lukete.