Aurten estreinatuko diren joko independenteak ezagutzera eman dituzte. Demoren bat edo beste ere kaleratu da.

Nintendok 2024 hasierako Indie World aurkezpena eskaini du. 20 bat minututan dozena bat joko elkartu zituzten, garatzaile independenteak sortzen dabiltzan lanei agerikotasuna emateko. Ezustekoak egon ziren: azken SteamWorld Heist IIk sagako jarratzaileak poztu zituen, baina Antonblast, SCHiM edo Europa bezalako lan interesgarriak ere ikusi genituen.

Oro har, urte honetan kaleratuko diren bideojokoak izan ziren nagusi ekimenean, N handikoek agindu modura. Ez hori bakarrik: doako probak iragartzeko ere balio izan zien zuzenekoak.

Game Erauntsian Twitch-etik jarraitu genuen. Hemen ikus dezakezue bideo osoa, baina ostean joko bakoitzaren trailerrak aurkituko dituzue:

 

SteamWorld Heist II

Atzo arratsaldeko ustekabeko handia Thunderful Games-ek sortutako SteamWorld unibertsoko Heist bikainaren jarraipena izan zen. Espazioko robot piraten girotzea itsasoetako robot piratengatik ordezkatuko du, baina oinarriak berberak dira: estrategia taktikoa da nagusi.

Robotak borrokarako pertsonalizatzen, apuntatzen eta babesten ariko gara txandakako borroketan. Abuztuaren 8an estreinatuko da Switchean nahiz PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One eta PC gailuetan.

 

Antonblast

Wario Land 4 maitatuak azpigenero propioa sortu du azkenik. Pizza Tower zoragarria jaso genuen orain gutxi, eta laster Game Erauntsian aipatu izan dugun Antonblast ere kaleratuko da: azaroaren 12an ikusiko dugu Nintendoren hibridoan nahiz Steam plataforman. Demoa argitaratu dute bietarako.

Plataforma eta puzzle eroak agintzen ditu: ziztzu bizian ariko gara saltoka zein inguruneak suntsitzen.

 

SCHiM

Gurean hainbat aldiz aipatutako beste indie zoragarri bat. Itzaletik itzalera saltoka ariko den izakia kontrolatuko dugu SCHiM-en; horrela, plataforma joko dinamikoa aurkituko dugu Extra Nice taldearen abenturan.

Berandutzeekin ibili ondoren, azkenik kaleratze data jaso du, gainera: uztailaren 18an merkaturatuko dute Switchean zein PlayStation kontsoletan eta PCan.

 

Europa

Geroratzeekin aritako beste bat, Europa ederra urte bukaeran estreinatuko dela jakin dugu azkenik. Future Friends Games estudioaren lanak esploratzeko mundu ederra eta koloretsua aurkeztuko digu.

Kontrolatuko dugun mutiko gaztea jauzika eta hegaka ariko da 3D plataformaz betetako mundua esploratzeko: jetpack moduko bati esker sekulako askatasuna edukiko dugu. Switch nahiz PC dira egileek hautatutako plataformak.

 

Lorelei and The Laser Eyes

Nortasunez gainezka egiten duen indie berezi horietakoa da Lorelei and The Laser Eyes. Simogo taldea puzzleak eta beldurra ardatz dituen abentura psikodelikoa garatzen ari da.

Hotel zaharraren proiektuan barneratzen den emakumea izango da gure protagonista. Maiatzaren 16tik aurrera gidatuko dugu bere bidaian Switch eta PC gailuetan.

 

Teenage Mutant Ninja Turtles: Splintered Fate

Apple Arcade-n estreinatutako Ninja Dortoken roguelike abentura Switchera dator. Hades arrakastatsuaren mekanikak bereganatu, eta Leonardo, Michelangelo, Rafael zein Donatello anaien abenturekin uztartzen du.

Horrela, partida bakoitza desberdina izango da, bai lortuko ditugun objektuengatik zein abileziengatik, bai aukeratutako dortokarengatik. Uztailean argitaratuko dute Nintendoren kontsolan.

 

Cat Quest III

Lehen bi jokoekin aparteko balorazioak eta kritikak lortu ondoren, hirugarren Cat Quest abuztuaren 8rako dator Switchera zein beste plataforma nagusietara. Ez hori bakarrik, demoa jaso du eShop saltokian.

Borrokak, esplorazioa, umore mordoa eta kooperatiboan jokatzeko aukera eskainiko dizkigu Gentlebros eta Kepler Interactive taldeen jokoak.

 

Little Kitty, Big City

Katuekin jarraitzen dugu. Nintendoren zenbait aurkezpenetatik igaro ondoren, Little Kitty, Big City politak kaleratze data zehaztu du: maiatzaren 9tik aurrera jokatu ahalko dugu Switch eta PC gailuetan.

Katutxo alaia kontrolatuta girotze japoniarreko hiria nahi bezala esploratzeari ekingo diogu, katukeriak eginez.

 

Valley Peaks

Eskalatze eta plataforma joko ederra zein alaia prestatzen dabiltza Tub Club-ekoak Valley Peaksekin. A Short Hike gogora ekar dezakeen obran mendi gailurretara iristea izango da helburua, baina baita minijokoetan parte hartzea eta gainerako igel esploratzaileak ezagutzea ere.

Aurten kaleratuko dute: Switchera heltzeaz gain, PCra ere iritsiko da.

 

Yars Rising

Wayforward-en lan berria metroidvania nahiz Mega Man obrak bateratuko dituen Yars Rising interesgarria izango da. Etorkizuneko girotzearekin, Emi Kimura hacker neskaren rola beteko dugu: tiroak eta saltoak dira bere lagun leialak.

Switchean eta gainerako plataforma nagusietan argitaratuko dute aurten; zoritxarrez, ez dute egunik zehaztu.

 

Refind Self: The Personality Test Game

Ordenagailuetatik igaro ondoren, Lizardry estudioaren abentura berezia Switchera iritsiko da uda honetan.

Esplorazio abentura joko sinplea dela aitortzen dute Refind Selfen arduradunek; berezitasuna, ordea, gure nortasuna aztertzeko balio dituen mekanikak aurkezten dizkigula da.

 

Sticky Business

Eranskailuak diseinatzen eta sortzen jarriko gaitu Spellgarden taldearen Sticky Businessek. Dozenaka aukera edukiko ditugu gure sticker-ak prestatu, eta bezeroak pozik uzteko.

Ustekabean estreinatu da Switchean, iaz PCan kaleratu ondoren; ez hori bakarrik, proba egiteko demoa ere daukagu.

 

Stitch.

Bordatuetara igaroko gara orain, puzzle joko eder honetako protagonistak izango baitira. Erronka sinpleetatik hasita, zailtasuna areagotzen joango da Stitchen: bordatuetako multzo desberdinak batu beharko ditugu ahalik eta puntuaziorik gorenena lortzeko.

Dagoeneko kaleratu dute, gainera! 2022an Apple Arcade zerbitzuan estreinatu zen, baina Switchean joka dezakegu gaurtik aurrera.